GARA > Idatzia > > Kultura

Hiru estreinaldi eta Gaitzerdi taldearen XX. urteurrena izango dira bihar hasiko den BAD jaialdian

Aurreko asteko egitarauarekin giroa prestatu ondoren, bihar iritsiko da BAD jaialdiko ekitaldiei hasiera emateko eguna. Dantza eta antzerki berritzaileaz gain, beste hainbat jarduera ere nabarmentzekoak dira.

Itziar AMESTOY | BILBO

Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren hamargarren edizioa bihar hasi, eta azaroaren 2a bitartean ospatuko da, beste behin ere abangoardiako arte eszenikoetako profesionalen topagune bihurtuz. Ikuskizunak dira, lehenik eta behin, ekimenaren oinarri, eta aurten 22 antzerki taldek 30 lan baino gehiago taularatuko dituzte. Aurreko urteetan bezala, ikuskizun moten arteko oreka zaintzen saiatu dira antolatzaileak. Berrikuntza gisa, hiru lanen lehenbiziko emanaldiak ikusteko aukera izango da: Gaitzardiren «Paisaje con Argonautas», Gabriel Ocinaren «El lobo y el alma» eta Aborigine Producciones taldearen lehen lana, «El desbordamiento». Horrez gain, hiru lan eskainiko dira Estatuan lehen aldiz, eta Euskal Herrian estreinatzekoak diren beste zortzi ikuskizun ere bai.

BADeko zuzendariak, Fernando Perezek, azaldu zuenaren arabera, emanaldiak eskaintzeaz gain, jaialdiak esperientziak trukatzeko parada izan nahi du. Ildo horretan, hitzaldiak, mahai-inguruak, ikastaroak eta tailerrak antolatu dituzte, beste ekintzen artean. Haren aburuz, Claudia Müllerren lana nabarmentzeko da, nork bere ikastaroa eskatzen dioten lekura arte eraman baitezake.

Gaitzardiren ospakizuna

Hala ere, aurtengo edizioak dituen hitzordurik berezienak Gaitzerdiren hogeigarren urteurrenaren inguruan antolatutakoak izango dira. Kepa Ibarra konpainiaren zuzendariak iragarri zuenaren arabera, ospakizunaz gain, aurkeztuko duten ikuskizuna ere berezi eta desberdina izango da. Heiner Mülleren lanean oinarritzen den testua da «Paisaje con Argonautas» eta Gaitzerdi taldeak duen laborategi batetik irtendako ikuskizuna da. Juana Lor izango da bakarrizketa antzeztuko duena, Borja Ruizen zuzendaritzapean. Ibarraren ustez, lan honek konpainiaren hurrengo urteetako ibilaldia zehaztuko du. Estreinaldia La Merced aretoan egingo dute hilaren 29an, 21.30etik aurrera, eta ondoren jai batekin ospatuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo