Mikel Aramendi Kazetaria
Turkia ez da horren exotikoa
Hau dena lurralde exotiko bateko bitxitasuna dela pentsatzea nahigo dutenek, halere, gogoratu beharko lukete Europa mendebalde osoan oraintsu arte izan dela deep state horren oso antzeko zerbait. Eta oraintxe bertan ere halako zerbaiten izatea ukatzen ez nintzateke ausartuko ni behintzat
Funtsean dena exotismo kontua dela sinetsi nahi izatea baita gure arriskua. Hau da, garai batean visir, pasha, odaliska eta jenizaroen lurraldea genuen Turkiak moldeak aldatu eta XXI. mendera iritsi arren, exotikotasunaren herrialdea izaten jarraitzen duela: jeneral aurrerakoiak, europarrez mozorrotutako islamiarrak, laizismoa babesten duten mafiosoak... Eta ez da horrela. Geure Europatik hurbil-hurbil baitago dena han ere. Beste kontu bat da guk ez dugula Europa horren izatea aitortu edo gogoratu nahi.
Herenegun hasi zen Istanbulen Ergenekon sarearen aurkako epaiketa. Auzipetuen aulkian eserita 86 lagun, eta ez edonor gainera, gizartearen goren-goreneko jendea baizik, gehienak: jeneralak, poliziaburuak, kazetariak, epaileak, politikoak, intelektualak, arduradun erlijiosoak, mafiako buruak... Ezta nolanahiko akusaziopean ere, jakina: estatu kolpeak antolatzea, ekintza terrorista odoltsuak burutu izana (Hrant Drik idazle armeniarrarena tartean, agian; baina badira are latzagoak) hainbat talderen eskua edo izena erabiliz, armak eta leherkariak eduki eta erabiltzea... Hitz gutxitan, duela dozenaka urtetatik isilpeko estatu modura funtzionatzen aritua litzatekeen sare politiko-kriminala osatu izana egozten zaie.
Europa mendebaldeko hedabideek aho batez esaten dute Armada eta Poliziaren goi arduradunek kudeatuta gizartearen sektore ezberdinenetan, aginpideko karguetan, txertatu edo infiltraturiko «isilpeko sare ultranazionalista» litzatekeela Erge- nekon. Sarea, izan, badela ukatzea gero eta zailagoa gertatzen da, agertzen joan diren aztarna, froga eta inplikazioen aurrean. Ergenekon iragan hamarkadetako gertaera ilun askoren arteko hari ezkutua dela sinesten dutenak gero eta ugariagoak dira, gainera, Turkian behintzat. Auzipetuen nazionalismoa ere begien bistakoa litzateke, haien alde agertzen direnak turkiar bandera ofiziala eta Mustafa Kemalen irudiak eskuetan dituztela, eta «abertzaleak baino ez» direla akusatuak esaka baitatoz. Sarearen ildo politiko sakona zein litzatekeen jakitea askoz zailagoa da, ordea, inoiz ez baitu bere buruaren berririk eman; are gehiago, sarea badenik ere ukatu egiten dute.
Hau dena lurralde exotiko bateko bitxitasuna dela pentsatzea nahigo dutenek, halere, gogoratu behar lukete Europa mendebalde osoan oraintsu arte izan dela deep state horren oso antzeko zerbait. Eta oraintxe bertan ere halako zerbaiten izatea ukatzen ez nintzateke ausartuko ni behintzat. Besterik da izenaren kontua. Bere izaera gehien nabarmendu zen lekuan, Italian, eman zitzaion izenarekin geratu da historiarako: Gladio. Baina ilunpe hori argitu nahian orduak sartu dituztenek esaten dute AEBek, NATOk eta CIAk Gerra Hotzaren negu gorrian diseinaturiko stay behind estrategia hartatik jaiotako kimuek izen eta antolamendu berezituak zituztela herrialde bakoitzean, izaera konspiratzaile bertsuarekin. Eta gehienetan, terrorismo ekintzetan eta beste hainbat krimenetan aritu zirela luzaro, beti ere helburu politiko-militarrekin.
Jarraikortasuna litzateke, beraz, turkiarren bereizgarria, exotikotasuna baino gehiago.