Beste bi langile hil dira, bide istripuan, bata, eta, traktoretik erortzean, bestea
GARA |
Beste bi langile hil ziren atzo lan ezbeharretan, eta aurten gutxienez 86 dira jada, laneko jardunean bizia galdu dutenak Euskal Herrian.
Lehen ezbeharrean, 53 urteko J.P.L. kamioilariak bizia galdu zuen N-1 errepidean hiru kamioik eta furgoneta batek talka egin ondoren. Zehazki, Burgoserako bidean gertatu zen, Jundiz eta Mendoza arteko bidegunean. Talkaren ondorioz, beste bi pertsona zauritu ziren.
Bigarren ezbeharra Ean gertatu zen, traktore batean zihoan 64 urteko J.L.A.E langilea hegal batetik erortzean. Jasandako lesio larriak zirela-eta, gizonezkoa ia berehala hil zen, eta bertara joandako medikuak baieztatu egin zuen langilearen heriotza.
Beste alde batetik, iragan larunbatean Oñatin gertatutako lan istripuaren aurrean, UGTk Lakuako Gobernuari sindikatuak berak proposatutako 20 neurri abian jartzeko eskatuko dio gaur, bilera batean.
CCOOk, aldiz, kontzentrazioa egingo du gaur, 12.00etan, Oñatiko udaletxearen aurrean (Foruen Enparantza), eskatzeko, besteak beste, enpresa guztietan -edozein sektore izanda ere- segurtasuna ikuskatzeko kontrol gehiago ezar daitezela.