EHF Liga
Arratek Serbiako talde baten aurka egingo du estreinaldia
Nazioarteko txapelketa batean lehen aldiz jokatuko dute eibartarrek. Azaroak 15ean dute lehen neurketa EHF Ligan, Kolubara Lazarevac taldea bisitatuz.
A.U.L. | EIBAR
Taldearen kezka nagusia Asobalen jasaten ari diren arazoak izan arren, Arratek beste alderdi esanguratsu batean jarria zuen atzo arreta osoa: EHF Ligaren hirugarren kanporaketarako zozketa.
Talde eibartarra bere historian lehen aldiz arituko da aurten nazioarteko txapelketa batean eta, zozketaren emaitzaren ondorioz, badaki azaroak 15ean Serbian estreinatuko dela, Kolubara Lazarevac taldearen aurka, hain zuzen ere. Astebete geroago, zuri-urdinek itzuliko partida jokatuko dute Ipuruan.
Ontzat hartu zuten kanporaketa Arrateko agintariek, batez ere bidaia ez delako luzeegia izango. «Pozik gaude, gure beldurra Ukrainara edo Bielorrusiara joan behar izatea zelako», aitortu zuen Iñaki Bolinagak.
Badirudi, gainera, aurkaria ez dela gogorregia. «Bigarren partida hemen jokatzea ere, garrantzitsua da, Almerian galdu ostean kanporaketa bat gainditzeko modukoa dela aurrez esatea erraza ez den arren -onartu zuen Arrateko presidenteak-. Egia esateko, oraindik ez dakigu askorik haiei buruz. Bakarrik, Serbiako Ligan zortzigarren postuan sailkatuta daudela, eta iaz hemen egondako Vladimir Matovic bertakoa dela. Orain hasiko gara behar dugun informazio guztia biltzen», esan zuen.
Jose Alberto Barroetabeña presidenteordearen hitzetan, «talde hauek jokalari gazte asko izaten dute, nabarmentzen direnek, normalean, atzerriko Ligetara alde egiten baitute. Hala ere, ez dugu arazorik izango informazioa lortzeko, Serbiako hiru jokalari baitauzkagu -Dalibor Cutura, Bojan Stefanovic eta Bojan Beljanski-; beraiek ere ez, zoritxarrez, Asobalen serbiar ugari baitago», gogorarazi zuen.
Eibartarrek argi dute lehiaketari sekulako ilusioaz ekingo diotela, lehen aldiz parte hartuko baitute, iaz beren historiako sailkapenik onena -zazpigarren postuan amaitu zuten Asobal Liga- lortu ondoren.
Zuri-urdinen kezka nagusia txapelketak bateratzeak sor ditzakeen arazoak dira, batez ere taldea gauzatzen ari den denboraldi hasiera kaxkarra -hiru puntu besterik ez ditu eskuratu zazpi jardunalditan- kontuan hartuta.