Edurne Pasaban: «Shisha ezinezkotzat jo eta atzera egitea ez zen erraza izan»
GARA | DONOSTIA
Edurne Pasaban mendizale gipuzkoarra itzuli da Asia aldetik, eta atzo bere azken ibiliaren balantzea egin zuen Madrilen komunikabideen aurrean. Udazkeneko saio honetan Nepalgo Manaslu igotzea lortu du, bere hamaikagarren zortzi-milakoa, baina ezin izan du Txinako lurraldeetan dagoen Shisha Pangmaren gailurrera heldu.
«Niretzat Shisha ezinezkotzat jo eta atzera itzultzeko erabakia hartzea ez da batere erraza izan. Bi egunetan buruari bueltaka ibili naiz, denok gizakiak garelako eta lasterketa batean sartuta nagoelako», aipatu zuen hamalau zortzi-milakoak egiten lehen emakumea izateko Nives Meroi italiarrarekin eta Gerlinde Kaltenbrunner austriarrarekin duen lehia dela-eta.
«Bistakoa da lasterketa bat abian dagoela, bestela ez bailukete komunikabideek horrenbeste hitz egingo niri buruz. Hirurok hamalau gailurren bila ari gara, baina arriskua oso handia da gure kirol honetan eta hori oso kontuan izan behar dugu. Unea iritsitakoan, norbere mugak aitortu eta itzultzen jakin behar da eta horrek ezaugarritzen du benetako mendizalea», adierazi zuen Pasabanek.
Aurrera begira, datorren urteko plangintzaz ere mintzatu zen Pasaban. Aitortu zuenez, datorren udaberrian Kangchejunga (8.586 metro) igotzen saiatuko da Nepal aldean. Eta ondoren, Annapurna (8.091 metro) zer egoeratan dagoen aztertzeko asmoa du. Aukera izanez gero, bata bestearen atzetik igotzea da bere xedea. Annapurna da, bere ustez, falta zaizkion hiru zortzi-milakoetan arriskutsuena.