Almironek beteko du ziurrenik Kalderonen hutsunea
Jon ORMAZABAL | GASTEIZ
Aurreikusita zegoen eran, Espainiako Federazioko Kirol Batzordeak partida bateko zigorra ezarri zion atzo Iñigo Kalderon eskuin hegalekoari, Murtziaren aurkakoan denboraldiko bosgarren txartel horia erakutsi ziotelako. Beraz, ezingo du igandean Rico Perezen Herculesen aurka jokatu. Haren ordezko zuzena Iban Fagoaga da, baina ezin izango du Alacanten egon, denboraldia hasi orduko min hartu zuelako. Hala, atzo Ibaian ikusitakoaren arabera, gasteiztarrak utzitako hutsunea Javier Almironekin beteko du Salmeronek.
Berez erdiko atzelari bezala jokatzen duen arren, eskuin hegalean ere sarri ibilitakoa da jokalari argentinarra eta, atzo prentsaurrekoan adierazi zuenez, ez du inolako arazorik edukiko eskuinetik jokatzeko, entrenatzaileak hala agintzen badio.
Gainera, kontuan izan beharra dago, jokatuz gero, Ligan Alavesekin neurketa hasieratik aritzeko aukera duen lehen partida izango litzatekeela. Orain arte, Anoetako derbyan izan zituen sei minutuetan baino ez du jokatu, eta Elchen Kopako partidan bigarren zati osoa jokatu zuen talde gasteiztarrak udan egindako azken fitxaketak.
Almironek berak adierazi zuen eran, «fisikoki oso ondo nago, baina aspaldian ez dut partidarik jokatu eta erritmoa hartzea falta zait. Jokatu gabe egotea oso gogorra da, baina nire eginbeharra prestatuta egotea da, izan ere, azkenean beti iristen baita aukera bat eta ondo baliatu beharrekoa izaten da».
Igor, ia osaturik
Min hartuta dauden jokalarien artean, Igor Martinezek eman zuen eguneko poza, izan ere, larunbatean izterrean zuntz haustura bat izango zuela bazirudien ere, egin dizkioten probek kontrakoa esan dute eta, bere bilakaeraren arabera, 48 edo 72 ordutan entrenatzeko moduan izango da, hasiera batean, hilabete inguruko baja izango zela uste izan arren.
Gainontzeko jokalariei dagokionez, Gaizka Garitanok atzo ezin izan zuen beste taldekideekin entrenatu, bizkarrean min izaten jarraitzen baitu, nahiz eta oso bilakaera ona izaten ari den. Aurreko jardunaldian ezin izan zuen jokatu, baina Herculesen aurka aritzeko moduan izango dela espero dute sendagileek. Cabrera eta Kalderonek ere ezin izan zuten atzoko saioa amaitu, baina garrantzi handirik gabeko min arinen erruz.