GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Nafarroako erakundeek torturaren aurrean duten utzikeria salatu dute

Nafarroako Parlamentuak azken sarekadetan atxilotutakoen senideei atea itxi izanak «etorkizuneko tortura auziei bide» ematen diela salatu du amnistiaren aldeko mugimenduak, eta PSNk erabilitako hitzak parafraseatuz «torturatzaileengandik hurbil diren politikariak demokraziatik eta herritarrengandik urrun» direla eman du aditzera. Gainera, Iruñeko Udalak eta herrialdeko Arartekoak ere torturaren aurrean «utzikeriaz» jokatu dutela salatu du.

p015_f01_111x111.jpg

GARA |

Amnistiaren aldeko mugimendua haserre agertu da UPN, CDN eta PSN alderdiekin eta gogor gaitzetsi du Nafarroan azken asteetan atxilotutakoen senideei Parlamentuan hitza ukatu izana. Horrelako eginbideek «etorkizuneko tortura auziei bide» ematen dietela salatu du, eta testigantzak isilaraziz Nafarroako gizarteari senideen bertsioa «ezkutatu» nahia deitoratu du.

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak astelehenean errefusatu zuen senideek Parlamentuan hitza hartzeko eskaera. Eskaria NaBaik, IUNren babesarekin, egin zuen.

Bilkuraren ostean gainera, UPNko, PSNko eta CDNko eledunek gogor gaitzetsi zuten NaBairen jokaera. UPNko Carlos Garciak alderdi hori «erratuta dagoela» aditzera eman zuen, haren ustez,« Zuzenbide Estatuak berme guztiekin lan egiten du eta norbaitek kexarik izanez gero, kexa hori plazaratzeko sistemak baditu». Eskaera honekin NaBaik «joko bikoitza» egiten duela esan zuen, «etorkizunari begira inguru horretako jendea bereganatzeko intentzioz». PSNko Samuel Clarok ere gogor kritikatu zuen koalizioa «terrorismoaren mundura» hurbiltzen den heinean, «demokraziatik» aldentzen dela esanez.

«Demokraziatik urrun»

Errepresioaren kontrako mugimenduaren iritziz, modu honetako testigantzei ateak itxi eta torturaren eztabaida ekiditen duten politikariek «demokraziaren kontzeptuarekin arazo larria» dute. PSNk erabilitako hitzak parafraseatuz gainera, «torturatzaileengandik hurbil diren politikariak demokraziatik eta herritarrengandik urrun» direla salatu du.

Nafarroako Parlamentuak egin duen bezalaxe, herrialdeko beste erakundeek ere antzeko jarrera izan dutela salatu du. Horren adibide, Iruñeko Udalak NBE eta Amnesty International erakundeen gomendioak barnebiltzen zituen mozioa eztabaidatzeari emandako ezezkoa edota Nafarroako Arartekoak atxilotuen senideei atea itxi izana ekarri zituen gogora amnistiaren aldeko mugimenduak hedabideei igorritako oharrean.

Denboran atzera eginez, Igor Portu gazte lesakarra Guardia Zibilak atxilotu eta ordu gutxira Zainketa Intentsiboetako Unitatean artatu ondoren, Nafarroako Parlamentuak Estatu espainoleko Segurtasun Indarrei «euren babes osoa» eskaini izana gogoan izan du amnistiaren aldeko mugimenduak.

Hamazazpi atxilotu

Abuztuaren 24az geroztik, Polizia espainolak eta Guardia Zibilak makina bat atxiloketa egin ditu Iruñerrian. Orotara, 17 herritar atxilotu dituzte eta horietatik 14 espetxeratu.

Inkomunikazio egoera ezarri zitzaien gatibu hartutako guztiei, eta batzuk erregimen horretan mantendu zituzten espetxean preso ere. Epaile aurrean zein euren abokatuarekin egoteko aukera izan zutenetan tortura testigantza lazgarriak eman zituzten aditzera gatibu hartutako gehienek: polizien esku emandako bost egunetan kolpeak eman zizkietela, ariketa fisikoa eginarazi zizkietela eta mehatxu ugari jasan zituztela jakinarazi zuten gehientsuenek.

Bost egunez desagertuta

Esanguratsua izan zen Alberto Lopezen atxilotzea, bost egunen buruan Fernando Grande-Marlaska epailearen aurrean agertu arte inork ez baitzekien Guardia Zibilak atxilotu zuenik. Abokatuari azaldu zion orduan atxiloketa eta inkomunikazio aldia nolakoa izan zen.

Abuztuaren 27an atxilotu zuten gaztea. Autoan zihoala Guardia Zibilaren patrol batek atzetik jo eta istripua eraginez, zauriturik eraman zuten preso. Ez zuten, ordea, berehala eraman ospitalera, baina odol-jarioa eteten ez zela-eta eraman behar izan zuten azkenean. Bertan bi orduz eduki zuten, erradiografiak egin eta zauriak sendatzen. Gainontzeko egunetan ere tortura eta tratu txarrak pairatu zituela jakinarazi zion abokatuari.

Noe Lopezek bizitako egoerak ere zeresana sortu zuen, gazteak erietxean igaro baitzituen inkomunikazio aldiko egun gehiennak, antsietate krisien ondorioz.

Azken atxilotuak Mikel Jimenez eta Aritz Azkona izan dira, eta hauek Auzitegi Nazional espainolean bertan hartu zituzten gatibu, Marlaska epailearen aurrera zihoazenean. Behin baino gehiagotan jakinarazi zioten epaileari agertzeko asmoa baina, hala ere, honek ez zuen gazte nafarrak bilatzeko eta atxilotzeko agindua bertan behera utzi. Hiru egun igaro zituzten Azkonak eta Jimenezek Guardia Zibilaren komisarian eta epailearen aurretik igaro ondoren espetxeratu egin zituzten.

Bestalde, euskal preso politikoen eskubideen defentsan 100 pertsona elkarretaratu ziren atzo Bilboko Arriagan.

plastikozko poltsak

Nafarroako Parlamentuak atxiloketen aurrean txintik ere esan ez zuela ikusita, irailean atxilotuen senideak bertara joan eta parlamentariei plastikozko poltsak eman zizkieten, torturaz ohartarazteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo