GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

Planifikazio eskasa agerian


Manex ALTUNA

Athletic eta Osasunak ez dute askorik ikasi azken denboraldietan gertatutakoaz. Liga hasiera kaskarra izan dute eta dagoeneko konturatu dira sufritzea egokituko zaiela aurten ere. Malaga, Recreativo, Numancia eta Sporting-en aurretik egoteko taldeak osatu dituzte euskaldunek, baina oraindik denboraldi-aurrean daudela ematen du. Beren aurkariek ostera, hasieratik onartu zuten beren lekua eta puntuak pilatzen ibili dira.

Gorritxoen agintariak izan dira urduri jartzen lehenak, eta Ziganda kanporatu dute Camacho jartzeko. Burua galdu dute Osasunako arduradunek, entrenatzailearengan konfiantzarik ez bazuten, aldaketa udan egin behar izan zuten. Beren nahietara antolatu zuen taldea Zigandak, teknika handiko jokalariekin, eta orain Camachok zuzenduko du beste estilo batean oinarrituz. Ziur asko neguan fitxaketak eskatuko ditu eta sekulako nahasmena eragingo du klubean.

San Mamesen, bestalde, ikusteko dago nor izango den lehenengoa amildegitik erortzen beren erabakiengatik, zuzendaritza batza edo Caparros. Jokalari erasokorrak zelairatzearen alde egin du andaluziarrak etxeko azken partidetan, baina berandu konturatu da zaleen gogoez. Konfiantza agortu zaio. Kanpotik ikusita, ematen du jokalariek ere ez dutela entrenatzailearen erabakietan sinesten.

Jokalariak sartu eta irten egiten dira deialdietatik zentzu barik. Orain, Ismael Lopez gaztearen debuta datorrela ematen du, Bernabeun. Gol falta konpontzeko eramango omen du eta erabaki horrek zalantza asko sortzen ditu. Zertarako daude Ion eta Iñigo Velez taldean? Zergatik saldu zuten Aduriz udan?

Kirol arduradunen planifikazio eskasa agerian utzi dute orain arteko emaitza kaskarrek eta Athletic eta Osasuna moduko taldeek garesti ordaintzen dituzte halako hutsegiteak. Ia behingoz hasten diren erabakiak zentzuz hartzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo