Atxilotuen senideen testigantzari uko egitea, egia deserosoaren beldur izatearen adierazle
Nafarroako Parlamentuak, UPN, PSN eta CDNren betoa dela-eta, uko egin zion Nafarroan izan diren azken atxilotuen senideei entzuteari. Ez da jarrera berria, baina bai, torturari dagokionez, instituzio ugariren jokaera tematiaren adierazle, horregatik atzo amnistiaren aldeko mugimenduak instituzio horrek eta beste batzuek tortura kasuak estaltzen dituztela salatu zuen. Jokaera zahar eta larria da, Madrilen jarrera, tortura salaketak ikertu beharrean estaltzekoa, babestu egiten duena. Atxilotuak bakartzea tortura ahalbidetzen duen tresna nagusia da, baina auzitegiko medikuen, epaileen eta oro har instituzioen jokaerak zigorgabetasuna babestu eta, beraz, haren praktika errazten du. Atxilotuen senideen testigantza entzun nahi ez izatea atxilotzeko orduan eta ondoren izandako irregulartasun ugarien berri jakin nahi ez izatea da, egia deserosoaren beldur. Torturarik eza frogatzea ezin errazagoa da, NBEren edo Amnesty Internationalen gomendioak, besteak beste, indarrean jarriz, baina ez da hartarako borondaterik sumatzen. Beraz, hain erraza izanda, tortura desagerraraztea bermatu nahi ez duten bitartean, instituzio horien guztien izaera demokratikoak zalantzazkoa izaten segituko du.