GARA > Idatzia > > Kultura

Euskal Herria Zuzenean jaialdia Heletako herrian barna ospatuko da

Aurtengo EHZk erabateko aldaketa izango du. Alde batetik, Zuberoako lurraldea utziko du; bestetik, larre handiez gain, Heleta herrian barneratuko da. Herriko azpiegiturak baliatuz, eguneko ekitaldiak frontoi eta zinema geletan egingo dira. Egitarauaren aniztasunak eta ugaritasunak bestalaria ekitaldien artean aukeratzera behartuko du. Kokapena, azpiegiturak eta dinamismo kulturala izan dira jaialdiko arduradunek Heleta aukeratzeko izan dituzten arrazoiak.

p041_f01.jpg

Idoia ERASO | HELETA

«Kontzeptua erabat aldatuko dugu», adierazi zuen Euskal Herria Zuzenean jaialdiko arduradun Eneko Gorrik. Aurtengo edizioa Heletako herrian ospatuko da eta leku aldaketarekin batera, jaialdi mota ere aldatuko da. «Aspalditik atera nahi genuen oholtza handietatik, jendeari beste zerbait proposatzeko, eta horretarako herri baten barnean egin nahi genuen»

«Oholtza handiek eta afixa buruek bere tokia izaten segituko dute, baina kale animazio gehiago izanen dira», jakinarazi zuen jaialdiko arduradunak. Antzerkiak, txarangak, dantzak eta animazio ibiltariak, besteak beste, Nafarroa Behereko Heleta herriaren paisaiaren parte bilakatuko dira, jaialdiak irauten duen egunetan. Gaueko kontzertu handiek ere tokia izaten jarraituko dute, herritik kanpo. Herrixkaren ondoan, ohiko kanpalekuak egongo direla gaineratu zuen Eneko Gorrik: «Filosofia ez da aldatu, laguntzaile militanteen lana eta doako kanpalekuak izango dira aurten ere».

Emanaldi eskaintza zabalagoa eratu dute, ikusleen aniztasuna gogoan. «Adineko jendearentzat eta haurrentzat jarduerak izanen dira», esan zuen EHZko arduradunak, eta jaialdiko giro berria iragarri zuen: «Animazioak biderkatuko dira, eta beti izanen da zer ikusi. Egitaraua eskuan, jendeak bizpahiru ekitaldiren artean hautatu beharko du».

«Dena ondoan izanen da. Herriaren ondoan dagoen larre batean eginen dira kontzertuak, animazioak erdigunean eginen dira, ondoan bi aparkaleku daudela», azaldu zuen Heletako auzapez Philippe Etxartek. Herriko azpiegiturak erabiliko dituzte eguneko animazioetarako: trinketa, frontoia, zinema aretoa...

Heletarekin hitzarmena soilik urtebeterako izenpetu da, herriko auzapezak jakinarazi zuen legez: «Akordioa urtebeterako sinatu dugu, bai beraien aldetik, bai guretik. Beraiek ez dute inoiz horrelakorik egin, eta nola irteten den ikusten dugunean ikusiko dugu jarraipena izanen duen edo ez».

Zuberoa utzi

Idauze Mendin bost urte egon eta gero, EHZk Zuberoako lurraldea utzi behar izan du. Jaialdiaren filosofiari jarraiki, barnealdeko lurraldeari tokia egin eta izena eman nahi izan diote, baina jendearen etorrera txikituz joan den heinean, leku aldaketa beharrezkoa bihurtu zela azaldu zuen Eneko Gorrik: «Ikusi genuen urtez urte gero eta jende gutxiago etortzen zela. Pario ederra zen, baina ez genuen erreusitu».

Bederatzi urtez Arrosan eta bost urtez Idauze Mendin eta orain Heletan kokatuko da jaialdia. «2007. urtean erabaki genuen kostaldetik hurbil behar genuela», esan zuen Gorrik.

Aldaketa egitea erabaki zutenean jaialdiko arduradunek Ipar Euskal Herriko udaletxeetara jo zuten kokaleku berri baten bila. Bost herriko etxek eman zuten besta egiteko baimena. «Hori biziki positiboa da, hamahiru urtetako profesionaltasuna frogatzen du», erran zuen Gorrik.

Heleta 2008ko jaialdiko kokaleku berria dela jakinarazi baino lehen, erabakia heletarrek eta herriko etxeko hautetsiek bozkatu ahal izan dute. EHZko antolatzaileak Nafarroa Behereko herriko auzoetan zehar ibili ziren jaialdiaren filosofia eta asmoak azalduz. Jendaurreko bilkura antolatu zuten, eta herriko jendearen oniritzia jaso zuela argitu zuen auzapezak: «Zalantzakor batzuk egon ziren, ohikoa den eran, baina orokorrean biztanleak aski kontent agertu ziren». Ondoren udal kontseiluak baietz bozkatu zuen.

EKITALDI ANITZAK

«Animazioak biderkatuko dira, beti izanen da zerbait ikusteko. Egitaraua eskuan, bestalariak bizpahiru ekitaldiren artean aukeratu beharko du», azaldu zuen jaialdiko arduradun Eneko Gorrik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo