Kronika | Oteizaren jaiotzaren mendeurrena
Oteizaren itzal luzeak Orio eta Zarautz estali ditu mendeurrenean
oteiza jaio zenetik ehun urte bete ziren atzo, eta horren harira, hamaika ekimen izan ziren euskal herriko hainbat txokotan. Orion, artistaren omenez arrokan jarritako xaflak bistaratu zituzten, eta Zarautzen, aldiz, «bufanda gorriak» banatu zituzten.
Maider URTEAGA - Ariane KAMIO
Jeinu baten jaiotza ospatu zuten atzo Euskal Herriko herri eta hiri ezberdinetan. Garrantzi berezia jaso zuten ordea, Orio eta Zarautzen izandako ekitaldiek, herriak herri eta hiriak hiri, sorterria sorterri delako.
Orion, «Oroitarria Oriotarrari» ekitaldia antolatu zuten. Eguraldi kaskarra medio, hilerrian egin behar zutena elizara eraman behar izan zuten azkenean. Euri zipriztinek ordea, ez zuten artista handiaren bizilagunek gordetako goxotasuna azaleratzea galarazi. Oteizaren irudi nahiz hitzak present egon ziren ekitaldian hasiera-hasieratik. «Talentudun jeinua zen», adierazi zuen aurkezleak, eta «gizarteak esnatzeko behar zuen pentsalari eta ikertzailea» izan zela gaineratu zuen. «Ohore eta gorazarre, Oteiza!» oihuak oihartzun sentibera izan zuen eliza barnean.
Bertsoek, biolin doinuek eta bukaeran otxote batek abestutako kantuak elizan bildutakoak hunkitzea lortu zuten. Horien artean zeuden, Oteizaren bizitzan, maila pertsonalean nahiz lan arloan protagonismo berezia izan zuten pertsonak: artistaren arreba Carmen, Tomas Esnaola, Iñigo Fernandez edota Jose Angel Irigarai.
Txalaparta doinuek aurkeztu zuten ekitaldiko ekintza nagusi eta bereziena. Orioko alkateak hitzaldi labur bat egin ostean, Oteizaren omenezko oroitarria biltzen zuen oihala kendu zuten, hilerrian. Aurreskuak lagunduta bistaratu zuten xafla. Ekitaldi beroa egin zioten bizilagunek artistari, merezitako ekitaldi eder eta herritarra.
Bufanda gorriak, Zarautzen
Bestalde, Oteizaren lana hedatzeari begira lan garrantzitsua egin dutenei zuzendutako ekitaldia izan zen eguerdian, 12.00etan, Zarauzko udaletxeko Areto Nagusian.
Artistak berak erabiltzen zuen janzkera gogoan, «Bufanda Gorria» banatu zuten Oteizaren Lagunak Elkarteak antolatutako ekimenean. Joan den urtean Imanol Murua, Begoña Eguren eta Leopoldo Rodesek jaso zuten lepokoa, eta, aurten, Begoña Intxaustegi pintorea eta Joaquim Dolls arte irakaslea izan dira sarituak.
Arantxa Iturria Udaleko Kultura zinegotziak Dollsen ibilbide oparoa goraipatu zuen lehenbizi. Berak azaldu zuenez, Dollsek lan oparoa egin du artearen alorrean; azken urteetan, Jorge Oteizaren ibilbidea ardatz hartuta, hainbat mintegietan parte hartu du. 2004ean Bilboko Guggenheim museoan Oteizari buruzko mintegi bat antolatu eta zuzendu zuen, eta egun, artistari buruzko liburu bat ari da idazten, «artista euskaldunaren ikuspegi berri bat eskain dezakeena». Egun, Bartzelonako Unibertsitateko Arte Ederretako irakaslea da katalana.
Joaquim Dollsek ordea, gaixo dagoela-eta, ezin izan zuen bufanda lepoan jarri, eta Joxe Anjel Irigaraik jaso zuen haren ordez. Dollsen izenean eskerrak eman zizkion Oteizaren Lagunak Elkarteari eta ondoren, katalanak idatzitako lerro batzuk irakurri zituen.
Saritua, ekitaldian egon ezin izateagatik «triste» eta «lotsatua» agertu zen. «Triste, bertan ezin izateagatik egon, zuekin, lagun artean, eta lotsatuta, zuek emandako maitasuna ezin izateagatik itzuli». Dollsek, bere umiltasuna agerian utziz, merezi ez duen saria jaso duela azaldu zuen idatzian: «Ez ditut hainbeste eta horren garrantzitsu diren gauzak egin, egiatiak bai, egiati eta bihotzetikoak», esan zuen Irigaraik, Dollsen hitzei ahotsa jarriz. Oteizaren lana goraipatu ostean, berarekin zorretan dagoela adierazi zuen sarituak. Oteizaren Lagunak Elkartearen izenean, Zuriñe Adradak eskerrak eman zizkion irakasleari, egindako lanagatik.
Horren ostean, Zarauzko alkate Jon Urienek, oriotarrak «Zarauzko herriarekin izandako harreman bikaina» ekarri zuen gogora. Gainera, berak eman zion Intxaustegiri bigarren bufanda. «Ohore bat da niretzat Begoñari `Bufanda Gorria' banatzea; artea duintasun ekintza batean bilakatu baitu», adierazi zuen. Hogei urte baino gehiago eman ditu Intxaustegi pintore eta muralistak Bilboko Arte Ederretako Fakultatean irakasle, eta azken urteetan, Amiarteko zuzendari bihurtu da. Tailer horretan, arazo ezberdinak dituzten pertsonek artean murgiltzeko aukera dute, eta dohainik gainera. Oso hunkituta jaso zuen bufanda bilbotarrak, eta agerian gelditu zen sentimendu hori saria jasotzeagatik esker ona emateko unea iritsi zitzaionean.
Oteizarekiko miresmena islatu zuen haren hitzaldiak. «Giza-balio handiko gizona zen, eta beti esaten zuen pentsatzen zuena», adierazi zuen Intxaustegik. Gainera, artista oriotarrak ezagutzeagatik zuen grina berezia azpimarratu nahi izan zuen, eta bereziki, arte ezberdinen arteko loturagatik. Amaitzeko, Oteizaren obra bat oinarri hartuta idatzitako lerro batzuk irakurri zituen. Zuriñe Adradak berriz ere esker onak eman, eta Intxaustegik «bere ametsetan sinistu» zuela» adierazi zuen. «Errealitatean egia bihur daitezkeen ametsak lor daitezkeela erakutsi digu», gaineratu zuen.
Amaitzeko, Andoni Egañak bertso bana eskaini zien sarituei, haien lana goratuz. Zarauztarrak gomendio berezia eman zion Dollsi, bere gaixotasuna medio: «Esan lehenbailehen senda dadila, espero dugun bezala, eta berriro ez gaixotzeko, bufanda bat badaukala».
Oteizaren mendeurrena ospatzeko egitarauaren barruan, Pello Zabalak hitzaldia eskainiko du gaur arratsaldean, 19.00etan, Orioko Kultur Etxean. Oteiza Arantzazun lanean aritu zen garaiko bizipenak izango ditu mintzagai Zabalak.
«Oteiza izan da gehien erakutsi didan pertsona, bai artista gisa eta bai pertsona moduan ere. Lagun interesgarri eta erakargarriena zen bera, eta guztiok miresten genuelako, lehia biziak sortzen ziren bere ondoan egotearren».
Jose Luis Merino idazle eta kritikoak «Habla Oteiza» lana aurkeztu zuen atzo Bilbon. Bertan, 1995 eta 1998 urte bitartean Merinok Oteizari egindako hamaika elkarrizketa ageri dira. Artistaren «ezkutuko aurpegia» azaltzen du obrak.
Orreaga Fundazioak antolatuta, eta Tanttaka antzerki taldeak Kukai dantza taldearekin elkarlanean, OTEhITZAri BIRAKA emankizuna eskainiko dute abenduan. Besteren artean, Jon Maya eta Rafa Ruedak parte hartu dute proiektuan.