GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea

Gotzon-Motzon

Gauzarik inportanteena erakutsi zenigun: euskal sena zertan den eta zelako garrantzia daukan hizkuntzaren funtsera jotzea benetako euskara ikasi eta praktikatu nahi bagenuen

Bisitatzen zenituen baserrietako batean bertako umeek horrela deitzen zizutela konta zenigun. Ondo ez dut gogoratzen zein baserri zen, baina baliteke Sunbillakoa izatea, hori askotan goxo-goxo aipatzen zenuen eta. Guri, zure ikasleoi, ikusi-makusi, zehatz-mehatz eta horrelakoetan bigarren terminoari euskarak «m» letra eransten ziola azaltzea izan zen egun hartako asmoa, jadanik existitzen diren berbetan ez ezik, berba berriak sortzeko era bai. Horretarako, euskal geografiatik zehar egindako bidaiak kontatzea gustuko zenuen eta, are gehiago, baserrietan batzen zenuen euskara garbia gurekin ilusioz konpartitzea zenuen maite.

Egia da ohiko ikasketa plangintzen ordez Sam Spade zein Phillip Marloweren abenturetan sartu gintuzula eta atsotitzen altxor izugarria ezagutarazten ahalegindu zinela, baina, zer gura duzu esatea, euskal literatura ikasi nahi zuenak irakurtzea besterik ez zeukan... Edozelan ere, gauzarik inportanteena erakutsi zenigun: euskal sena zertan den eta zelako garrantzia daukan hizkuntzaren funtsera jotzea benetako euskara ikasi eta praktikatu nahi bagenuen. Barra-barra erabiltzen zenuen «Ni zazpi probintzietan ibilia naiz» esaldiaren atzean ezkutatzen ziren hizkuntza «mirari» asko eta asko gogoan ondo presente dauzkat oraindino.

Gogoratzen dut lehenbiziko klase eguna. Bertan agertu zinen, argazki makina eskuan. Arbelaren aurrean ipini gintuzun klaseko denok eta gurekin batera atera zenuen erretratua. Gogoratzen ditut examinak, zelan pasatzen zinen mahai arteko pasabideetatik, orduan ginen umemokooi ahal beste laguntzeko ibiltzen zinen beti. Gogoratzen dut zelan ekartzen zenituen azterketok bueltan, orrialderen albo zuri osoa gorrizko, OSO ONDOOOO! letra larriz idatzita. Gogoratzen ditut kutxetan ekartzen zenituen liburuak eta nola klasea hasi orduko banatzen zenizkigun; oraindik orain dauzkat denak gordeta, baita bidaia gida zaharrak ere, eta, batez ere, egun batean eman zenidan Chandlerren «El lápiz y otros cuentos» dedikatoria eta guztiz: «Sonia: ziur nago egun batez zeuk ere elaberri on bat baino gehiago idatziko duzula. Gotzon Garate. 1997».

Gauza askotan eman dituzu aurreneko pausuak: euskal filologiaren abentura abiatzen; nobela beltza euskaraz idazten; hizkuntza politiko posible bakarra erdara zela ematen zuenean, marxismoaz euskaraz idazten... baina jende oso gutxik daki orain gazteek darabilten sakelako telefonoen hizkuntza ekonomia berezi hori zuk jadanik erabiltzen zenuela, SMS bat zer zen apenas ez genekienean; horrela, «GTZN» sinatzen zenituen liburu guztien alboko partea, orrialdeak pasatzen direneko parte hori.

Pena bakarra daukat, GG, zuri hau guztia aurrez aurre sekula esan ez izana, egindako lan guztia benetan eskertzen dugula eta, gazte-gazteak ginenean harrotasunez so egiten zenigun legez, nahi dugula gutaz harro jarraitzea, eta zeure buruarekin kontent, zugandik ikasitako oro ondo ikasita daukagulako eta idazle, euskaltzale, abertzale eta pertsona on berriak sortzen lagundu duzulako.

Gutako askorengan bizirik iraungo duzunez gero, ezin adiorik esan, Gotzon-Motzon, eta besarkada goxo eta handi bat maisu maitakor eta maitagarri hori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo