GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Nekane Erauskin Ezker abertzalea legebiltzar taldeko eleduna

Gizarte Zerbitzuen Legea zalantzan jartzeko arrazoiak

Behar-beharrezkoa da, zalantzarik gabe, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legea eraberritzea, gizartearen funtzionamendua arriskuan jartzen duten egiturazko elementuei erantzun beharra baitago, hala nola, jaiotza-tasaren beherakadaren ondorioak, biztanleriaren zahartzea, emakumeak oro har lan merkatuan sartzea -horrek sexuaren araberako lan banaketan oinarritutako sistema batean sortzen dituen egokitasunik ezak, oraindik ere pertsonak zaintzeko ardura emakumeen esku uzten jarraitzen baitu-, laneko egongaiztasuna, pobrezia-guneak eta bazterkeria beste sektore batzuetara hedatzea.

Alde horretatik, «ongizate estatuaren», gizarte-babesaren laugarren zutabea deitzen zaion hori osatzen duten eskubideak aitortuko lituzkeen esparru orokor bat izan beharko luke erreforma horrek. Arau-esparru berriak asmo handikoa izan behar du, berritzailea eta bultzagarri eraginkorra aberastasuna behar handiena dutenen artean banatzeko eta gizon eta emakumeen arteko eskubide eta aukera berdintasunean justuagoa izango den gizarte bat lortze aldera.

Tamalez, gure ustez, proposatu duten erreformak ez ditu asetzen, ezta hurrik eman ere, herri honetako biztanleen beharrizanak eta ez du, ez horixe, aurrerapausorik egiten laugarren zutabe hori lortzeko. Aitzitik, proiektu osoan bere horretan eusten zaio Administrazioak kudeatzen duen gizarte-laguntzen filosofiari, irizpide ongile eta paternalistari, alegia.

Sistema berri honen eskubide, printzipio eta ezaugarriak aipatzen dira, sistema horren helburua Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema sortuz gizarte-zerbitzuei munta handiagoa ematea delarik. Baina Legearen artikuluek ez diete modu eraginkorrean erantzuten aurrean ditugun erronkei, ez baitzaie modu eraginkor batez heltzen gizarte-bazterketaren egiturazko kausei, hala nola, lan-merkatua, prekarietatea, soldata eskasak eta gizarte-zerbitzu eskasak.

Esparru berri horren elementu nagusi gisa azaldu nahi da gizarte-zerbitzuez baliatzeko eskubidea herritarren eskubide bat izatea, baina gero eskubide murriztu eta mugatu bihurtzen da, ziurtatutako zerbitzuetan baino ez baitaiteke gauzatu (hau da, juridikoki exijitu daitezkeenak); beraz, ziurtatuta ez dauden zerbitzuak ezin dira exijitu, ez dira eskubide bat, nahiz eta beharrezkoak izan.

Lege osoan zehar diskurtso unibertsalista egiten den arren, eta unibertsaltasuna printzipio gisa ezarria egon arren, artikuluetan aurreikusten da zerbitzuez baliatzeko baldintza espezifiko batzuk bete beharko direla, nahiz eta baldintza horiek zein diren ez den zehazten.

Udalerri batean erroldatuta egotea eta 12 hilabetez jarraian bertan bizitzea exijitzen da. Denboran mugatze horrekin, pertsona asko, batez ere arauz kanpoko egoeran dauden etorkinak eta pobrezia eta gizarte-bazterketa egoera larrian daudenak, lege honen babesetik kanpo gelditzen dira. Erabiltzaile berezi bihurtzen ditu, egoera jakin batzuetan eta larrialdien bide ez-ohikotik baino ez baitute arreta jasotzerik izango.

Katalogoa oso garrantzitsua den arren, aurreproiektuak ez du garatzen ez zehazten zer egingo den, aitzitik, Eusko Jaurlaritzaren esku uzten du Katalogo hori egitea eta, beraz, bere erregulazioak ez du lege mailarik eta, hartara, katalogoa are murrizgarriago izateko arriskua egon daiteke.

Gure lehentasuna titulartasun zerbitzu eta zentroen sare bat sortu eta finkatzea da eta, horrenbestez, gaitzetsi egiten dugu gizarte-zerbitzuen pribatizazioa eta merkantilizazioa. Hala, lege honetan ez lukete lekurik izan behar merkataritza-elkarteek. Baina aurreproiektu honetan lehentasunezko eta gehiegizko papera ematen zaio kudeaketa pribatuari. Tamalez, gure an gero eta gehiago dira gizarte-zerbitzu arloan diharduten entitate pribatuak. Entitate horiek ez dira egun batetik bestera desagertuko, baina halakoei laguntzeak salbuespena izan behar du, bazterreko osagarri bat, beti ere beren jarduerak eremu publikotik exijitutako planifikazio eta bermeei doitu behar izanik.

Profesionalen eskubide ta betebeharrez gain, ez da askoz ere gehiago esaten Legean gizatalde horri buruz, zeinaren aldi batekotasun, zapalkuntza eta prekarietate mailak dauden eta altuenetakoak diren. Beharrezkoa da, beraz, profesional horientzat lan-baldintza duinak eskatzea. Alde horretatik, eta kontuan izanik gaur egun hortxe daudela entitate pribatuak, eskatzen dugu entitate horietako langileen soldata eta lan baldintzak sare publikoko langileenekin berdindu daitezela. Hala, lehentasuna ematen diogu zerbitzu publikoetako langileen kontratazio publikoari eta zerbitzuak ez azpikontratatzeari, zerbitzuen sare publikoak beren lana egiteko beharrezko kualifikazioa eta egonkortasuna duten pertsonak behar baititu.

53. artikuluak dio Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema aurrekontuen bitartez eta erabiltzaileen ekarpen ekonomikoen bitartez (ordainketa partekatua delakoa) finantzatuko dela. Ez da bestelako bitartekoak erabiltzeko finantzaketa-eredu berririk planteatzen. Eskasak eta bidegabeak iruditzen zaizkigu finantzaketa-bide hauek.

Ez gaude ordainketa partekatuen alde, ezarpen orekatu baten alde baizik, dela zerga bidez, dela kotizazio bidez, halako moldez non kontribuzio-oreka bat ziurta dadin zerbitzu horiek finantzatzeko baliabideak lortzeko. Hiru ongizate-zutabeetako batek ere ez du errentaren eta ondarearen araberako ordainketa partekatuko formularik jasotzen. Ohetik altxatzeko, garbitzeko, janzteko, ikasteko, lan egiteko laguntza jasotzea ez dago jadanik finkatutakoak baino garrantzia gutxiagoko eskubidetzat jotzerik. Alde horretatik, gizarte-zerbitzuen erabiltzaileek, beren zergak ordaintzen baitituzte, berriro ordaindu beharra izango dute zerbitzu horien beharragatik.

Aurrekontuetan gizarte-gastuetarako jarritako diruari dagokionez, esan beharra dago aztertu egin behar dela zenbat diru dagoen ezarria gizarte-programetan (horien artean baitaude gizarte-zerbitzuak). Gasteizko Gobernuaren azken urteotako joera hauxe da: Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko BPGd-ren %9 inguru. Hau da, gizarte-gastuaren alorrean hain politika zeken eta kontserbadorea egiteak ez die aurrera egiten uzten gure elkartasun eta babes sozialeko sistemei Europako herrialde aurreratuenekin bateratzeari dagokionez. Izan ere, gure herria Europan babes sozialari BPGd-ren ehuneko txikiena eskaintzen dioten herrien artekoa da, eta Legean ez dugu egoera hori zuzentzeko formularik aurkitzen. Uste dugu horretarako beharrezkoa litzatekeela honako aurrekontu-konpromisoa: urtero BPGd-ren %1 gehitzea gizarte-gasturako.

Lurraldeen arteko desberdintasunei dagokienez, artikuluetan ez dugu topatzen inongo neurri zuzentzailerik egoera hori gainditzeari eta pertsona guztiek, bizi diren lekuan bizi direla, behar guztiak aseta edukitzeari begira eta, aldiz, zabalik gelditzen da aukera, desberdintasun horiek gainditzeko, prestazioak jaisteko.

Parte hartzeko eskubidea zenbait aldiz jasotzen da formulazio orokor gisa. Parte hartze hori gizarte-zerbitzuen plangintzara, funtzionamendura eta ebaluaziora hedatzen da. Hala ere, araututakoak ez dakar inongo berrikuntzarik, erabiltzen den terminologia izan ezik, hala nola, organoaren izen aldaketa; horren izaerak aholkularitza hutsekoa izaten jarraitzen du, ezertarako benetako inolako eraginkortasunik gabe. Plangintza eta kontrolerako mekanismo eraginkor eta irisgarri batzuk ezarri beharko lirateke erakundeekiko, erakunde hauetako aldeen arteko harremana benetan demokratikoa izan dadin.

Aipatutako guztiagatik, berriro diogu mahai gainean jarri duten erreforma ez dela nahikoa, asistentzialista dela eta ez duela bermatzen oinarrizko beharrizanei erantzungo zaienik, ez duela bultzatzen autonomia pertsonal eta kolektiboa, ez duela aukera-berdintasuna defendatzen baliabide publikoak erabiltzeari dagokionez, ez duela elkartasuna garatzen, ez eta lan prebentibo eta komunitarioa lehenesten ere bazterketa eta ahultasun arriskuak gainditzeko.

Hori guztia dela-eta, zerbitzu-sistema soziokomunitario baten beharra dago, eta hala eskatzen dugu, beste zerbitzu publiko batzuekin batera, hala nola, Hezkuntza, Osasuna, Etxebizitza, Gizarte Segurantza, helburutzat gizarte-ongizatea izango duena. Eta gizarte-ongizate hori honakoa eginez lortuko litzateke: pertsonek bizimodu duina izateko baldintzak emango dizkieten baliabideak erabiltzeko eta kontrolatzeko dituzten ahalmen eta aukeren garapena ahalbidetuz eta hori eragozten duten gizarte eta genero desberdintasunak desagerraraziz.

Zehazki, pertsonek pertsona sozial gisa elkarbizitzan, pertsonen artean eta ingurune sozialarekiko harremanean errealizatzeko duten eskubidea bultzatu beharko du, bai eta komunitateek ehundura sozial aktibo, solidario eta parte hartzaile gisa garatzeko duten eskubidea ere, eta hori emakumeak gutxiesten dituen diskriminazioa gainditzen indar eginez egin behar da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo