GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Krosa eta zesta apustua, Lekeitioko saihesbidearen obren aurkako egunean

Saihesbidearen aurkako plataformak I. Lekitto Bizirik Herri Krosa egin zuen joan den igandean. Beste behin, «herriaren etorkizunaren inguruko kezka eta saihesbidearen aurka jarraitzeko asmoa» agertu zuten.

p017_f02_19032.jpg

GARA |

«Lekitto bixirik nahi dogulako, halako saihesbiderik ez dogu behar» lelopean, aurreko igandean egin zuen Lekeition Saihesbide Honekin Ados Ez Dagoen Plataformak bere azken ekimena. Herriko hainbat koadrila eta herritarrekin batera Lekitto Bixirik I. Herri Krosa egin zuten.

Goizeko hamaikak ingururako hasi ziren giroa musikaz alaitzen, eta berehala agertu ziren lehen korrikalariak beroketa lanak egitera. Eguerdia pasatxo eman zioten hasiera 60 herritar korrikan jarri zituen krosari.

Sei kilometroko ibilbidea amaitutakoan ez zen jan-edana eta giroa alaitzeko musikarik falta izan. Beste behin, «herriaren etorkizunaren inguruko kezka» eta egiten ari diren saihesbidearen gaineko desadostasuna adierazi zuten. Talan egindako ekitaldian salatu zuten «Foru Aldundiak Lekeitiora bertan bigarren etxebizitza izango duen jendea erakartzeko egitasmoa» dela saihesbide hori. Agertu zutenez, «herriko turismoa indartu nahi izatea gauza bat da, eta Lekeitio bertan bizi eta lan egingo ez dutenentzako herri bihurtzea beste bat».

Arratsalde parterako berriz, zesta apustua zuten prestatua. Apustua zestaz golfeko pilota talatik irlaraino jaurtitzean zetzan. Bertan, herriko zestalari ohiek hartu zuten parte, gehienak profesionalak izandakoak. Jendez inguratuta aritu ziren Gotzon Bengoetxea, Igor Iturraspe, Manu Lasa, Julen Urresti eta Tomas Oñederra, baina bakoitzak hiru jaurtiketa egin ostean, inork ez zuen helburua lortu. Hala ere, apustua amaitu ondoren, behin eta berriz saiatuta, Iturraspek lortu zuen irlako haitza pilotaz jotzea.

Balorazio baikorra

Herri Krosaren ekitaldia antolatzearekin batera, aurretik egindako ekimenen balorazioa egin zuten saihesbidearen aurkako plataformako kideek.

Ekainaren amaieran hainbat koadrilen artean egindako Plaza Bete Ekimena goraipatu zuten. Bestetik, bizikleta martxan, pala txapelketan, bideo emanaldian eta mendi martxan 150 lagunetik gora bildu izanarekin ere pozik agertu ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo