Lantarongo zentralaren inguruko kontsulta egin dadin eskatu dute
GARA |
ACOA-AKE Arabako Kontzejuen Elkarteko kideek Lantarongo ziklo konbinatuko zentral termikoaren egitasmoak «herrian bertan eta Araba osoan inpaktu gogorra» eragingo duela salatu zuten atzo.
Kontzejurik kaltetuenek proiektu horren aurrean agertu zuten kezka zela-eta, Añanako Taldeak biltzeko batzarra egin zuten. Bertan Elkarteak herritarrei informazio guztia ematea eta kontsulta bat egitea adostu zuten, «Aldundiak edo Lantarongo Udalak egiten ez badu behinik behin».
Bestetik, kontzejuen elkarteak gaiaren gaineko jardunaldiak antolatu zituen, eta gai horretan adituak diren zortzi lagunek hitzaldiak eman zituzten Lantarongo eta Gasteizko Udaletan. «Aldi berean, edo erantzun gisa», Gas Natural -proiektuaren sustatzailea- bere inbertsioaren nondik norakoak agertzeko hitzaldiak ematen hasi zen Lantaron eta inguruko herrietan».
Agerraldian adierazi zutenez, zentrala egiten bada «ondorio ekonomikoak ekarriko dizkie Udalari eta baita foru Aldundiari ere, gainera, inguruko hogei kilometroetan ingurumenean kalteak eragingo ditu».
Gaineratu zutenez, «nekazaritzan eta abeltzaintzan, eta bereziki ekologikoan, ere kalte nabarmenak izango dituzte». Kontzejuko kideen esanetan, «osasun kalteak ere ekarriko ditu, batez ere haurren osasunari dagokionez». Beren ustez, «kalteak ugariak eta larriak» dira ezer egin gabe geratzeko. Gainera, «gero eta handiagoa da inguruko biztanleen jakin-mina, kezka eta gaiaren gaineko informazio eskaera».