Rodriguezen «Katu jendea» egitasmoak jaso du Igartza Saria
Eider Rodriguez idazle errenteriarraren esku geratu da XI. Igartza Saria. Bederatzi egitasmoen artean harena izan da epaimahaiaren begietan gustukoena. 6.000 euroko laguntza jasoko du «Katu jendea» lanak, egilearen hirugarren ipuin bilduma izango den egitasmoak.Ariane KAMIO | DONOSTIA
«Haragia» gaztelaniazko bertsioan kaleratu berri du Eider Rodriguez idazleak, eta hori nahikoa ez eta literatur egitasmoekin aurrera jarraitzen du errenteriarrak. Bart arratsean jaso zuen Igartza Saria da horren adibide nagusia. Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF lantegiak idazle gazteen proiektuak sustatzeko antolatzen duen bekak «Katu jendea» lan berria gauzatzeko aukera emango dio. Ipuin bilduma horrek gizon-emakumeen arteko arrakaletan eta gizarteko pitzaduretan jartzen du arreta, eta urtebete inguruko epea eta 6.000 euroko dirulaguntza izango ditu lana amaitzeko.
Rodriguezen esanetan, «diruak eta edertasunak duten garrantziari arreta berezia» eskainiko die, eta politika kontuak ere agertuko direla azaldu zuen, baina «oso era lausoan». Horrez gain, «adjetibazio urriko» ipuinak idazteko helburua zehaztu zuen, izan ere, oraingoz lau besterik ez ditu sortu, eta guztira hamar bat istoriotako bilduma egin nahi du.
Narrazio autonomoak
Idazten jarraitu ahal izateko aurkeztu zuen Eider Rodriguezek proiektu hori Karmele Jaio, Igor Estankona eta Xabier Etxeberriak osatutako epaimahaiaren aurrera, eta helburua lortu du. Ipuin sortak egiten zalea da, eta horren adibide dira «Eta handik gutxira gaur» eta «Haragia» liburuak. Oraingoan ere ez da gutxiago izango eta bata bestearekiko «autonomoak» diren istorioen bilduma plazaratuko du. «Gaur egun hemen bizi diren gizon-emakumeak» izango dira protagonistak fikziorik gabeko narrazio horietan. Edertasuna eta dirua «botere eta arazo» iturri diren ikuspuntutik aztertuko ditu, nahiz eta, berak nabarmendu nahi izan duen eran, ez dituen trama bakoitzeko erdigunean ezarriko.
Ipuinak irakurtzeko ere zaletasun handia duela onartu zuen Rodriguezek eta, saria irabaziko ez balu, idazten jarraituko lukeela azpimarratu. Kasualitatea izan ala ez, bere belaunaldiko idazleen lanak begi onez hartu izan dituzte bai kritikariek, bai irakurleek. «Agian, irakurleak bazuen egarri pixka bat eta agian horregatik eman digute bultzadatxo hori», argudiatu zuen baina, behin liburua idatzita dagoenean, bere gainean «besteek» agintzen dute. Orain, urtebeteko epea izango du «Katu jendea» bukatzeko, «onera» eragiten dion presiopean, eta 2010eko udaberrian kaleratuko da. Bitartean, baina, aurretik irabazi zutenen -Katixa Agirre, Irati Jimenez- obrak geratzen dira irakurtzeko.