GARA > Idatzia > > Mundua

Mendebaldeak Georgiari sostengu ekonomikoa emango diola bermatu du

Mendebaldeko herrialdeak Georgiari sostengu ekonomikoa emateko bildu ziren atzo Bruselan, Osetia inbaditu ostean bultzada politikoa eman nahi diotelako. Hori lortze aldera, herrialde horri 3.000 milioi euroko diru-laguntza ematea adostu dute.

GARA |

Georgiak Osetia inbaditu eta gero Kaukason gerra piztu zenetik bi hilabete pasa direnean, Mendebaldeak sostengu ekonomikoa agindu dio Tbilisiri. Horretarako, emaileen konferentzia izan zen atzo Bruselan, Tbilissiri 3.000 milioi euro emateko helburuarekin.

«Georgiarekin bat egiten dugula frogatu behar dugu», nabarmendu zuen atzo Bernard Kouchner Atzerri ministro frantziarrak. Paris da seihilabeteko honetan Europar Batasuna zuzentzeko ardura duena.

«Eskuzabaltasunez eta bultzatzen ditugun proiektuen bidez gatazka honi konponbide politiko bat eman nahi» diotela gaineratu zuen Kourchnerrek Georgiako lehen ministro Lado Gurgenidzerekin batera Bruselan egindako agerraldian.

Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosok emaileen artean 67 estatu eta nazioarteko erakundeak egongo direla adierazi zuen. «Neurri honek argi eta garbi utziko du Georgiarekin bat egiten dugula, are gehiago finantza krisi larria pairatzen ari garela aintzat hartuta», gaineratu zuen Durao Barrosok.

Atzo, dagoeneko Georgiari 2.700 milioi euroko diru-laguntza ematea adostu zuten. Diru-sarrera horrek Georgiako ekonomia pizteko beharrezkotzat jotzen diren 2.380 milioi euroko kopurua gainditzen du. Hego Osetia inbaditu baino lehen, Georgiak hazkunde ekonomiko handia zuen (urteko %10,5ekoa). Diru hori etxea utzi behar izan duten 65.000 errefuxiatuei laguntzeko erabiliko da.

Europako Batzordeak 500 milioi euro emango dizkio Georgiari 2008tik 2010era. Tbilisik inbasioa gertatu aurretik, jasotzen zuenaren laukoitza.

Suediak 40 milioi emango ditu, Alemaniak 33,7 eta Estatu frantsesak 7. AEBek 750 milioi euro emango dituzte.

base errusiarrak

2009. urterako Errusiak base militarrak izango ditu Abkhazian eta Hego Osetian, Armadako buru Nikolai Makarov jeneralak atzo Moskun adierazi zuenaren arabera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo