GARA > Idatzia > > Kirolak

PIRAGUISMOA Lau aldiz izan da maratoian munduko txapeldun

Oier Aizpuruak «motibazio falta» aipatu du agurrean

Zumaiarrak «bizimodu lasaiagoa» egin nahi duela adierazi du eta «bizitako esperientziarekin» gelditzen dela. Agurrean ere Manuel Busto alboan izan zuen.

p038_f01_555x555.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Oier Aizpurua zumaiarra, Euskal Herriak inoiz eman duen piraguistarik onena, prentsa aurrean agertu zen atzo goi mailako kirolari agur esango diola jakinarazteko. Gipuzkoarrak bizimodu lasaiagoa egin nahi duela adierazi zuen, baina argi dago Espainiako Federazioko agintariekin berriki izandako liskarrak urrats hau ematera bultzatu duela.

«Batez ere nekatuta nagoelako da. Fisikoki beste olinpiar ziklo bat egin nezakeen, baina motibazioa jada ez zen berdina, entrenatzeko ere ez, eta goi-mailan ongi ibiltzeko behar den diziplina handia da. Erretiratzea erabaki dut eta beste bizimodu bati ekitea», argitu zuen 31 urte betetzear dagoen kirolari apartak.

Zumaiako Itsas-Gain elkartean eman zituen lehen urratsak eta 1996an Espainiako selekzioarekin bere lehen kontzentrazioa egin zuenetik gelditu gabe ibili da erronkaz erronka. Pistan ere munduko txapeldun izan arren, bere garaipen zerrenda maratoian eraiki du batez ere, Manuel Busto asturiarrarekin bikotea osatuz lau munduko txapelketa segidan irabazi baitzituen: Bergen 2004, Perth 2005, Tremolat 2006 eta Gyor 2007.

Hala ere, garaipen horiei garrantzirik kendu gabe, Oier Aizpuruak oso argi dauka dominak baino garrantzitsuagoak direla inguruan izan dituen pertsonak: «Bizi izan dudan esperientziarekin eta pertsona bezala ikasi dudan guztiarekin gelditzen naiz. Eta batez ere ibilbide honetan egin ditudan lagun guztiekin».

Horren erakusle moduan Manuel Bustok izan zuen keinu ederra nabarmendu behar da. Asturiarra Donostian azaldu zen atzo ezustean eta Oierrek bihotz-bihotzez eskertu zuen Estatu espainolean inoiz izan den piraguistarik onenetakoa den horren bisita. Kontuan izan behar da Busto bera baino bizpahiru urte zaharragoa dela eta eredu bat izan dela beti kirolari gipuzkoarrarentzat.

Baina kirol lorpenak alde batera utzita, bizitza berri bati ekin behar dio orain Oier Aizpuruak eta argi geldituko da berriz ere oihartzun apartekorik ez duten kiroletan etorkizuna ziurtatzea ezinezkoa dela: «Orain birziklatzea tokatuko zaigu. Etxean asentatu, lan bat bilatzen hasi eta kirola egiten jarraitu baina afizionatu mailan». Hain zuzen ere, etxetik kanpo horren denbora luzez egotea zen zumaiarrari buruko min gehien ematen zion arazoetako bat.

Amaitzeko, Oier Aizpuruak onartu zuen ez zuela inoiz amestu «horrelako garaipen zerrenda batekin» erretiratzea, baina argi utzi zuen bera «iragana» dela jada, eta «zorionez» badaudela atzetik datozen beste batzuk. Izenak aipatzen hasita, «oraina» Ekaitz Saies dela esan zuen eta «etorkizuna» Iñigo Peña izango dela iragarri zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo