Etxetik kanpo urrats bat emateko garaia heldu dela uste du Tikok
A.U.L. | EIBAR
Zenbaki orokorrak nahiko onak diren arren, argi dago Eibarren ibilbidea desorekatuta dagoela. Zortzi puntu lortu ditu Ipuruan eta hiru besterik ez etxetik kanpo, hiru porrot ondoz ondoko jaso ostean.
Hurrengo asteetako egutegiak ez dirudi dinamika hori aldatzeko egokiena, baina Cordobaren aurkako garaipenak beren konfiantza indartu eta gero, gorri-urdinen ikuspegia ez da berbera. Tikoren esanetan, izan ere, larunbata etxetik kanpo urrats bat aurrera emateko unea izan daiteke, «geure gaitasunean sinesteko, arriskatzeko eta garaipena bilatzeko unea».
Argi dauka nafarrak, hala ere, «ez dela batere erraza izango, Rayok, ohi den bezala, talde boteretsua egin duelako», baina igandeko partidak «oxigenoa eman» die hurrengo partida horri «konfiantza handiagoz» ekiteko.
Bestalde, Tikok pozik amaitu zuen Cordobaren aurkako norgehiagoka, hamaikakoan estreinatu ondoren. «Argi nuen oso zaila izango zela partida osoan eman ahalak ematea; azkenean, indarrak berrartzea kostatzen zitzaidan. Baina, orokorrean, pozik amaitu nuen».
Jaime Barriuso, bestetik, Eibarrera itzuli zen atzo, ospitalean bost egun pasa ondoren.