«Euskal Herriko Kazeta»k bihurgunearen zazpigarren urteurrena ospatuko du larunbatean
2001eko urriaren 16ean argitaratu zen lehen aldiz «Euskal Herriko Kazeta», Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan eztabaida publikoa bultzatzeko egunkaria. Zazpigarren urteurrena ospatzeko, larunbatean ateak irekita izango dituzte Urruñako egoitza berrian.
Idoia ERASO
Zorionak, zure urtebetetzean, zorionak eta urte askotarako!» dio kantuak. «Le Journal du Pays Basque. Euskal Herriko Kazeta» egunkariak zazpigarren urtebetetzea ospatu zuen joan den urriaren 16an. Horren karietara, heldu den larunbat goizean, 10.30etik goiti eta eguerdiraino, besta egingo dute erredakzioan, ateak irekiz. Harpidedunak, irakurleak, laguntzaileak eta gizarte eragileak, orokorrean, Urruñako Hedagune zentroa ezagutzera eta kazetari taldearekin elkartzera gonbidatuta daude.
Zazpigarren urteurrena ez da zenbaki biribila, baina kazetarentzat biziberritzearen urtea izan dela azaldu du egunkariko erredaktoreburu Goizeder Tabernak: «Zazpigarren urte honetan bihurgune bat markatzen dugu». Azken urte hau aldaketa handiko garaia izan da. Hasteko, erredakzio nagusiaren egoitza Baionatik Urruñara aldatu da udan. Aldi berean, bestelako berrikuntzak ere izan dira bai egunkariari berari dagokionez, bai erredakzio taldean. Talde berri eta gazte baten aurrean ezarri da Taberna «Kazeta»ren proiektuak jarraipena izan dezan: «Gaurkotasun albisteen ikuspegi ezberdin bat nahi dugu zabaldu, batez ere Euskal Herriari dagozkion berri eta gertakizunen inguruan».
Erredaktoreburu gazteak erronka berrien aurrean, etorkizunari begira, xede zehatzak agertu ditu: «Gure helburua irakurle gehiagorengana iristea da, publiko zabalagoa ukitzea». Era berean, Kazetaren betiko filosofiaren jarraipena izanen dela ere nabarmendu nahi izan du: «Journalak beti izan du xedetzat Ipar Euskal Herrian eztabaida publikoa bultzatzea, eta bide horretan jarraitzen dugu». Eztabaidaren bidez gure gizarteak bizi dituen aldaketak eta egoera berriak ulertzen laguntzeko nahia ere erakutsi du Tabernak: «Ondoko urteetan aldaketa ekonomikoak izanen dira eta ondorioz jarrera sozial berriak agertuko dira. Aldi berean, eztabaida politikoa areagotuko da erakundeen gainean, euskararen gainean eta abar, eta horien jarraipenean aitzindari izan nahi dugu».
Egoitzaren kokapenaren aldaketa «bihurgunearen» alde garrantzitsutzat jotzen du egunkariko taldeak. Izan ere, Urruñako Hedagune zentroan dagoen egoitzak beste hiru komunikabide ere hartzen ditu barnean. Bertan dira Info7 irratia, Kazeta.info agerkari digitala eta GARAko erredakzioetako bat ere. Aldi berean, inprimategia ere ondoan dago. «Aldaketa honek aberastasuna eta eraginkortasuna handitzen du, alde batetik, informazio gehiago kudeatzea ahalbidetzen baitigu eta egindako lana gehiago baliatzen dugu», gaineratu du erredaktore buruak. «Euskal Herriko Kazeta»ren egoitza nagusia Lapurdi hegoaldera aldatzeak beste bi erredakzio sortzea ekarri du, bi lokal berri ireki baitira, bata Baiona Ttipian eta bestea Donibane Garazin.
Erredakziogune saretxo horiekin hurbiltasuna garatzea du helburu egunkariko taldeak, batez ere barnealdeari begira. «Donibane Garaziko lokal berriarekin erreferentzia bat lortu nahi dugu eta hango ikuspegia ere zabaldu. Ez dugu nahi Nafarroa Beherea eta Zuberoa Lapurditik begiratzea», azaldu du Goizeder Tabernak.
Ipar Euskal Herriko osotasunezko begirada sustatzeko erronkan beste urratsak egin ditu egunkariak azken hileetan. Duela urtebetetik euskara hutsez, astean behin, argitaratzen duen «Mintza» gehigarriaz gain, hainbat herritako eta ibarretako ezagutza sakon- du duten beste batzuk ere argitaratu ditu. Jaiak edota ospakizun bereziak ere (Euskal Herria Zuzenean, Herri Urrats, Uda...) jaso dira gehigarri horien orrietan.
Jadanik zazpi urte
«Jadanik zazpi urte bete izana pauso handia da, bereziki Ipar Euskal Herrian idatzizko prentsak duen egoera ikusirik» baieztatu du kazetariak «denborarekin sinesgarritasuna eta erreferentzialtasuna» izatea erdietsi duela gaineratuta. Aurreko taldeak egindako lana goraipatzea ahaztu gabe, igaro zazpi urteak baikortasunez baloratzen ditu Tabernak, «bereziki hainbat eremutan, erakundeetan, esparru politikoan eta gizarte eragi- leen artean gure lekua egin dugulako».
Agerkariak lortu duen toki erreferentzial hori atxikitzeko talde berriko kazetariak gaika espezializatzen ari dira (laborantzan, gizarte gaietan, politikan...). Talde berriak izandako hutsuneak aitortzen baditu ere, ilusio handiz begiratzen du etorkizuna zuzendari gazteak: «Azken garaian agerian utzi ditugun ahuleziak positiboki begira-tzen ditugu eta proiektu hau aurrera eramatea da gure helburua». Ekin, bada, eta zorionak berriro!