GARA > Idatzia > > Kultura

Eszenak

«Ez dakit zer gertatzen den azken aldi hontan (...)»

Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea

Jendea hasi dela dantzatzen sarritan, zerbait ikustekoa du bi falta direlakoz `Recuento generalean'...». Duela hogeita hiru urteko sanferminetan, bafle batean ezkutatuta, Martuteneko kartzelatik ihes egitea lortu zuen Joseba Sarrionandia poetari Kortatu taldeak idatzitako kantu hau aski ezaguna da geure artean. Eta ez kantuaren letragatik bakarrik, baita urte askotan kantu hau debekatua izan zelako ere. Baina ez da erbestean bizi den poeta honen inguruan ezarri den debeku bakarra. Tanttaka eta Kukai taldeek elkarlanean, poetaren poemen inguruan sortutako «Hnuy illa» ikuskizuna ere debekatu nahi izan dute duela gutxi Santiagon (Galizian). Baina Auzitegi Nazionalak intentzionalitatearen gainean espekulazioa besterik ez dela eta legez kanpoko ezein ekintzaren gaineko daturik eman ez denez, kasua behin-betiko artxibatu du.

«Zaila dugu sortzea doinu gozoagorik Sarri dio herriak txanpainaz ospaturik, Iruñeko entzierroa desentzierroa hemen zapi gorriak zerua du estaltzen».

Eta orain, Enrique Bumbury kantariak, «Helville de Luxe» bere azken lanerako Ruper Ordorikak «Ene Begiek» kantuan erabili zuen Sarrionandiaren bertso bat erabili du. Honako hau: «Mende eta segundoa gurutzatzen diren lekua... hurrin deritzan aberrian». Eta niri galdera datorkit berehala. Honi ere debekatu egingo al diote?

Erbestean bizi den poeta honen hitzak, kartzelan daude oraindik, ez dute askatasunean hegan egiterik eta, antza denez, gure antzerkiak ere ez. Gure egungo errealitatearen kolore guztiak ez dira plazaratzen, ez dira agerian uzten, ez dira erakusten. Mugak jartzen zaizkio. Oztopoak. Kartzela. Eta antzerkia, gizartearen ispilu izanik, ezin da isilik geratu, ezin du ilunean dagoena argirik gabe utzi, agertoki gainean den-dena agerian geratzen baita. Biluzik. Orduan, zergatik ezin ditugu kolore, ñabardura eta errealitate guztiak argiztatu? Gabriel Zelaia poeta hernaniarrak zioen bezala, poesia geroaz beteriko arma bat da. Eta antzerkia ere bai.

Duela gutxi Gabriel Aresti poetaren jaiotzaren 75. urteurrena ospatu da. Genero guztiak ukitu zituen idazle hau, euskal antzerkiaren bultzatzaileetako bat ere izan zen. Brechten eragin handia izan zuen eta Lorcaren euskararako hainbat itzulpen egin zituen. Eta Sarrionandiak, bere «Hnuy illa nyha majah yahoo» (Zaindu asko beti, Yahoo maitea) liburuan honi eskainitako poemaren zati bat gogora ekarri nahiko nuke.

«Oraindik, Gabriel, indartsuena duk legea eta altza ezineko lausa ezarri ditek hire hilobi gainean. Oraindik, hire hilarrian, ibiltariek estropozu egiten ditek, ume bat baino ez duk jakin minez inguratu. Eta aurrerantzean ere heu bezalakoak izanen gaituk euskal poetak, halako ekibokazio bat, behin behineko hezurraragia, harria, harea, aidea, ezer sostengatzen ez duen arbola adarra».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo