GARA > Idatzia > > Euskal Herria

El Salvadorren zendutako hiru euskaldunak omendu dituzte

Aste osoa hartuko dute El Salvador Bihotzean taldeak Arrasaten antolatu dituen ekitaldiek. Pakito Arriaran zendu zela 23 urte bete direla-eta, El Salvadorren ere internazionalista gisa bizitza galdu zuten beste bi euskal herritar omentzeko baliatuko dituzte ekitaldiok. Hala, atzo, Arrasaten, lehenbiziko omenaldi hunkigarria eskaini zieten hirurei.
p013_f06_5197.jpg

Gari MUJIKA |

El Salvadorreko iraultzan parte hartzen, borrokan zendutako Pakito Arriaran arrasatearra, Begoña Garcia Arandigoyen Gareseko sendagile nafarra eta Marta Gonzalez omendu zituzten atzo Arrasaten, aste osoan zehar egingo diren ekitaldi sortari hasiera emanez. Izan ere, 23 bete baitira hil honetan Arrasateko militanteak, borrokan, bizitza galdu zuenetik.

Askapenaren laguntzarekin, Arrasateko El Salvador Biho- tzean taldeak antolatu zuen ekitaldia, eta xumea bezain hunkigarria izan zen 13.00etan Sebero Altube enparantzan egindakoa. «Bi herriekiko maitasuna, mundu bakar baten aldeko borroka» leloa zeraman pankarta oholtza gainean zela, eta Arriaranen, Garciaren eta Gonzalezen argazkiak aurrez aurre jarrita, txalapartaren doinuek eman zioten hasiera bere herritik urrun, El Salvadorreko oihanean, Armadaren tiroek hil zuten Pakito Arriaran arrasatearra omentzea xede nagusitzat zuen ekitaldia. Ehundik gora lagunek parte hartu zuten bertan, baita Marta Gonzalezen ahaideek ere; Begoña Garciaren gurasoek, aldiz, bertaratzea ezinezkoa egin zitzaien eta beren atxikimendua helarazi zuten Arrasatera.

Orain bi aste eskas estreinakoz aurkeztu zuten Pakito Arriarani buruzko liburua, «Pakito, de Arrasate a Chalatenango» izenekoa, Txalapartak argitaratua, barra-barra saldu zen Seberon jarri zuten mahaian. Hala, txalapartarien ondotik bi dantzari gerturatu ziren, hiru euskal herritar internazionalistoi ohorezko aurreskua eskainiz.

Senideen lore eskaintza

Dantzariek, aurreskuaren ostean, lore sorta bana eman zizkieten Arriaranen eta Gonzalezen ahaideei. Baina eurekin gorde beharrean, senideek lore eskaintza egin zuten, sorta bana hiru euskal herritarren argazkien aurrean jarriz. Txaloen zain egon beharrik ez zen izan.

Bi bertsolari oholtzara igo eta bina bertso eskaini ostean hiru internazionaliston konpromiso militantea goraipatuz, Arrasateko alkate ohi Xabier Zubizarretak, Txironek, hartu zuen hitza. Gogora ekarri zituen 1985eko urrian Pakito Arriaranen heriotzaren albisteak Arrasaten eragindako gertakizunak, eta, batik bat, azpimarratu zuen handik aste eskas batzuetara bere sorterrian egin zitzaion omenaldi nazionala, milaka eta milaka herritarrenparte-hartzearekin. 23 urte nahikotxo direla edo hausnartuta, Zubizarretak, orduan, 1985eko urrian, ETAko militantea zen eta El Salvadorren bizitza galdu zuen Arriarani idatzi zion olerkia irakurri zuen jendaurrean.

Jarraian, Felix Arriaranek, anaiak, hartu zuen hitza. Honek ere ez zuen hizketaldia beretzat baliatu, baizik eta Josu Peralesek idatzitako artikulu bat irakurtzeko baliatu zuen aukera. Pakito Arriaranen anaiaren ondotik, aldiz, orain gutxi argia ikusi duen liburuaren koordinatzaile lanetan aritu den Jose Luis Estevezek, Gatok, hartu zuen hitza.

Internazionalismoaren eta herrien askapen borroken gainean hitz egin zuen Gatok, eta «Hasta la victoria, siempre!» ozen batekin amaitu zuen. El Salvadorreko iraultzan berebiziko garrantzia izan zuen Radio Venceremos irratiko esataria izandako Carlos Conselvi Venezuelako kazetariak ere hitz batzuk helarazi zituen audio bidez; hiru euskal herritarren eredua goraipatu eta Euskal Herriaren eta El Salvadorren arteko anaitasuna nabarmendu zituen. Azkenik, Askapeneko kide Gabi Basañezek internazionalismoa ere Euskal Herriaren aldeko borrokaren zutoinetako bat dela nabarmendu zuen.

El Salvadorreko Txanba Payes musikariak hiru abesti eskaini zituen, ``Internazionala'' eta ``Eusko Gudariak'' abestuz ekitaldia amaitu baino lehen.

«Aurrera bolie!»

Hiru euskal herritar internazionalistoi egindako ekitaldian, hitza hartu zuen lagun batek ondokoa esan zuen: «`Aurrera bolie!' esatea debekatu nahi diguten honetan, bada, `aurrera bolie!' esaten jarraituko dugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo