Nestor Esteban Scaloni Euskal Herrian Euskarazeko kidea
Euskararen etorkizuna: ofizialtasuna Euskal Herri osoan
Vascuencearen Legea, 22 urte beteko dituen honetan, Nafarroa Garaiko Parlamentuan da berriro eztabaidagai Iruzurren garaia bukatu dela esan behar dugu ozen: Euskal Herrian euskarari mugarik ez!
Nafarroa Garaian Ley del Vascuence delakoa ezarri ziguten 1986an, aurretik inposaturiko Foru Hobekuntzaren bitartez eta espainiar hizkuntza derrigorrezkoa egiten duen Konstituzioaren begiradapean.
Lege arrotz hau indarrean jarriz, Nafarroa Garaian hiru eremutan (euskalduna, mistoa, erdalduna) banatu zuten euskara. Eremu bakoitzean euskaldunoi aitortzen zaizkigun hizkuntza eskubideak ezberdinak dira, baina guztietan zapaltzen dizkigute, euskaraz bizitzea ezinezkoa eginik gure herrian. Legearen aplikazioarekin euskara normalizatzea eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzea posiblea zela sinestarazi nahi izan ziguten, eta oraindik ziria sartu nahi digute.
Baina urte luze hauetan euskaldunok aurrera eraman dugun borroka eta presio lanari esker, nazionalista espainolistei ez diegu helburua betetzen utzi, agerian utzi baitugu, batetik, Vascuencearen Legearen atzean ezkutatzen dena ez dela euskararen normalizazioa, euskarari eta euskaldunon hizkuntza eskubideei trabak, oztopoak... jartzea baizik, eta bestetik, herri mugimenduak erakutsitako euskararen alde ekiteko irmotasunaren ondorioz, gai garela euskararen normalizazioan aurrerapausoak emateko: ikastolak, euskal eskola publiko berriaren aldeko mugimendua, helduen euskalduntze eta alfabetatzea...
Vascuencearen Legea, 22 urte beteko dituen honetan, Nafarroa Garaiko Parlamentuan da berriro eztabaidagai. Uda aurretik jorratu zen gaia eta gaur landuko dute berriz. Parlamentuan parte hartzen duten alderdi politikoen iritzi-bozka zein izango den jakinarazi digute egunotan: EB eta NaBai eremu mistoaren muga zabaltzearen alde azalduko dira; UPN, CDN eta PSN (iritziz aldatu ostean), iruzurrari bere horretan eustearen alde, euskaldunok geure herrian bigarren mailako herritarrak izatera kondenatuz. Eztabaida, beraz, antzua izango da berriz, normalizazioa hizpide hartu beharrean, euskarari jarri beharreko mugek jarraituko baitute hizpide izaten. Hau da: eremu mistoa lau herri gehiagotara zabaldu edo ez, zonalde mistoaren muga bere horretan utzi edo bi kilometro hegoaldera eraman. Kasu guztietan iruzur-tresna den legeari zilegitasuna emanez.
Euskarak bide horretatik ez du etorkizunik. Egun Euskal Herrian diren administrazioetatik datozen hizkuntza politikei begira egonez gero, akabo euskara, akabo Euskal Herria. Hori da Ley del Vascuence delakoak, Euskararen Legeak eta frantses Konstituzio jakobinoak egunez egun erakusten digutena.
Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean, euskarak errotiko aldaketa behar du: berezko hizkuntza izendatua izatea; ofiziala egitea Euskal Herri osoan; lehentasunezkoa izatea gure hizkuntza; bizi duen egoera ikusita, euskal herritar guztiek ezagutzeko eskubidea bermatua izatea; eta herritar guztien hizkuntza eskubideak aitortuak egotea.
Hori da euskarak eta euskaldunok behar dugun benetako aldaketa, eta aldaketa hori egingarria izateko euskaldunok hizkuntza burujabetza dugu aldarrikatu beharreko irtenbide bakarra, horrela euskal komunitatea protagonista eta burujabea izango baita euskarak normalizazioa lortzeko behar duen hizkuntza politika diseinatu eta erabakitzeko.
Iruzurren garaia bukatu dela esan behar dugu ozen: Euskal Herrian, euskarari mugarik ez!
Inoiz baino behar handiagoz indarrak batzeko unea iritsi da, herriz herri eta auzoz auzo antolatuz; parte hartzea, elkarlana praktikara eramanez. Euskal Herri euskaldunaren bidean, Euskara ofiziala Euskal Herri osoan!