Estatu nagusietan aldea murriztu bada ere, Obama aurretik da oraindik
AEBetako hauteskundeetarako bost egun baino geratzen ez direnean, inkestek erabakigarriak diren estatuetan Obama oraindik McCainen aurretik dagoela diote. Egunotan, McCainek tartea jan badio ere, adituen arabera, ez du Obamaren parean jartzeko denborarik izango.
GARA |
AEBetako Presidentetzarako Alderdi Demokratako hautagai Barack Obama erabakigarriak diren hiru estatutan (Florida, Ohio eta Pennsylvania) John McCain errepublikanoaren aurretik da, bi eta hamabi puntuko tartearekin, Quinnipiac Unibertsitateak atzo argitaratu zuen inkesta baten arabera.
Floridan bozen %47 lortuko lituzke Obamak, McCainek %45en aurrean. Ohion botoen %51 izango litzateke Obamarentzat eta %42 McCainentzat. Pennsylvanian, berriz, Obamaren aldekoak %53 izango lirateke eta McCainen aldekoak %41. Quinnipiac Unibertsitateak urriaren 23an egindako aurreko inkestarekin alderatuta, McCainek tartea jan dio Obamari, baina ez da hautagai demokrataren parera iristeko gai izan.
1960tik hona egin diren hauteskundeetan, ezinbestekoa izan da hiru estatu horietako bitan irabaztea Etxe Zurira heltzeko. Hiruretan irabaztea lortu zuen azkeneko hautagaia Ronald Reagan izan zen, 1980an.
«Denbora agortzen ari zaio McCain senatariari, eta iritziz aldatu eta bere alde egin dezaketenen kopurua gero eta txikiagoa dela nabarmentzen du inkesta honek», adierazi zuen Quinnipiac Unibertsitateko Ikerketa Institutuko zuzendariorde Peter Brownek.
Brownen arabera, hautagai errepublikanoak jan duen tartea oso txikia da eta oso berandu heldu da benetako aldaketa lortzeko. Floridan ere gauza argi dagoela uste du.
Hala ere, errepublikanoek badute oraindik itxaropenik. Bill McInturff, alderdiarentzako inkesten arduradunak, Obamak dagoeneko biltzeko gai den boz guztiak lortu dituela eta hemendik aurrera bere boto kopurua handitzeko aukera duen bakarra McCain dela adierazi zuen.
250 milioi dolar (200 milioi euro) gastatu ditu Obamak AEBetako hiru telebista nazionaletan Tampa Bay Rays eta Philadelphia Phillies taldeen beisbol partidua hasi aurreko 30 minutuko tartea erosteko.