«Sexualitatea gazteek gutxi ezagutzen duten gai bat da oraindik, lotsa handia dago»
Catherine Hiriart Sorano erizaina da Baionako Santa Gurutze auzoko Camus ikastetxean. Hamahiru urte daramazki bertan, eta urtero hamahiru-hamalau urte inguruko gazteei sexualitateari buruzko informazio klaseak eskaintzen dizkie.
Zer-nolako lana daramazu sexualitatearen arloan?
Arlo horretan, Camus ikastetxean eskaera txikia da, baina sexualitateari dagokion osasun heziketarako ekintza berezi bat bideratzen dugu, halere. Duela hamar urte abiatu genuen hori, eta hamahiru urteko gazteekin, gelaka, urtean lau ordu hartzen ditugu sentsibilizazio lana egiteko. Informazio hori ezinbestekoa da.
Derrigorrezkoa den informazio lan bat dela esan duzu. Zergatik?
Argi agertzen da ezagupen eskasia dagoela. Kanpotik begiratzen dugularik, komunikabideen bidez gazteek informazio handia jasotzen dutela iruditzen zaigu, baina, ez da hala, gutxi ezagutzen duten gai bat da oraindik. Askok aurreiritzi asko du eta, gutxi jorratzen den gaia dela uste dugu. Gurasoekin gutxi aipatzen dute, eta lotsa handia dagoela ikusten dugu.
Zertan datza heziketa lan hori?
Lehen gauza galdeketa anonimoa egitea da. Hori oso klasikoa izaten da, esate baterako, emakumeen eta gizonezkoen organo genitalak kokatzeko eskatzen diet. Gutxieneko ezagupen horretan ere gabezia handia dagoela ikusten da. Askok ez dakizkite kokatzen, eta, neskek izaten dute ezagupen murritzena. Elkartze horietan argi agertzen da informazio beharra dagoela. Sexu harremanaz beldur dira. Hainbat gai aipatzen ditugu, koitoa, kontrazepzioa, sexu harremana eta beste. Ondotik, gaika lan egiten dugu. Iaz, adibidez, gizon edo emazteak bikoteaz zer itxaroten duten galdetu nien, eta horretan ere, elkar ezagutza eskasa zegoen. Ikusi behar da gazteak direla oraindik. Estatu frantsesean lehen sexu harremana, batez beste, 17 urterekin izaten da. Halere, badira gazteago hasten direnak, eta, lehen harreman hori izaterakoan denbora hartzea eta errespetua garrantzitsuak direla esaten diegu.
Internetek edo telebistak ez al du eraginik sexu harremanari buruz duten ikuspegian?
Pixka bat nahasiak dira. Film pornografikoak ikusten dituzte. Baina, halere, gehienek ezberdintasuna egiten dute.
Informazioaren garrantzia aipatzen duzu. Planning Familial elkartea sortuko da. Nola ikusten duzu sorrera hori, zertan izango zaizue lagungarri?
Bilkura bat izan dugu beraiekin. Informazioa zabaltzeko ez gara asko. Gu ikastetxeetan ari gara, ospitalean Planifikazio Zentroa dago. Ezinbestekoa da informazioa zabaltzea. Eta, kasu honetan, Planning Familial Baiona erdigunean kokatua izatea oso berri ona da. Hutsune anitz dago informazioa zabaltzeko arloan. Dakigularik Baionako erietxean, urtean, seiehun bat abortu egiten direla, eta horietarik ehun bat adin txikiko neskak direla, argi dago lana dagoela egiteko. Kopuruak bere horretan jarraitzen du azken urteotan. Lan horretan gero eta gehiago izanda, hobeki izango da gaztentzat, baina, helduentzat ere bai, informazioa gizarte eremu guztietara zabaldu behar baita.