GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

REAL UNION Real Madrilen aurkako kanporaketa

Garai bateko kontuak gogoratzeko ordua da Irun aldean

Orain dela ia mende bat bezalaxe, Real Unionek Real Madril hartuko du Gal-en, nahiz eta egoera oso bestelakoa izan. Gipuzkoarrek itxura ona eman nahi izateaz gain, ezustea emateko prest agertu dira.

p035_f01_111x111.jpg

 

REAL UNION-REAL MADRID

Jon LEUNDA | IRUN

Galtzeko ezer ere ez eta irabazteko asko izango du gaur Real Unionek Real Madrilen aurka jokatuko duen norgehiagokan. Gipuzkoarrek badakite kanporaketa hau gainditzeko mirariren bat beharko dutela, baina etxeko partidan itxura ona eta ezusteren bat emateko prest daude.

Partida bereziak izaten dira Kopakoak, talde txikiek handien aurka jokatzeko duten aukera bakarrenetakoa izaten baita, eta madrildarren aurka jokatzea opari bat da irundarrentzat. Iaz Valentzia izan zuten aurrez aurre, eta aurten egungo Ligako txapelduna.

Gaur ez da Gal estadioan izar guztiak ikusterik izango, Casillas, Raul, Ramos, Cannavaro, Pepe, Van Nistelrooy, Van den Vaart, Robben eta Gago etxean geratuko baitira, baina gainerako guztiak Irunen izango dira. Horien artean bigarren taldeko Velayos, Chema Anton eta Bueno. Aurten Real Madril Gipuzkoan ikusteko dagoen aukera bakarra izango da gaur gauekoa.

Zuri-beltzek garbi dute gaur berebiziko aukera dutela, eta egin beharreko guztia egingo dute berdegunearen gainean. Iaz Valentziari lanak eman zizkioten, eta gaurkoan ere horretara aterako dira. Hala, garaipena eskuratzea ere ez dute baztertzen.

Jokalarien artean, ordea, hutsuneak ere izango dira Iñaki Alonsok zuzentzen duen taldean, jokalari ugari baitaude min hartuta. Horietako batzuk garrantzitsuak dira, azkena Paul Abasolo. Ez da osatuko gaurko partidarako eta harmailetatik ikusi beharko du norgehiagoka. Jokalari horiez gain, Seguro, Jauregi eta Sergio Francisco ere jokatu gabe geratuko dira. Bestalde, erabat osatu ez direnak ere izango dira. Eduard Castro atezainak ezin izan zuen joan den astean Santanderreko norgehiagokan jokatu, eta gaur deialdian sartuko bada ere, ez du hasieratik jokatuko.

Madrildarren eta irundarren arteko partida ez da lehen aldiz jokatuko. Gerra Zibilaren aurretik, Ligako bi talderik garrantzitsuenetakoak baitziren. Real Unionek, gainera, Kopako final bat irabazi zien espainiarrei.

Sarrerak agortuta

Norgehiagoka zuzenean ikusi nahi duenak eta oraindik sarrerarik lortu ez duenak oso zaila izango du Gal estadiora sartzea, ia ez baita sarrera bat bera ere geratzen. Irundarren zuzendaritza harmaila berri bat jartzekotan ibili da, baina azkenean ez da posible izango eta dagoen bezala geratuko da. Bost mila ikusle pasatxok beteko dituzte harmaila guztiak. Real Madril tartean egonda, komunikabideak ugari izango da gaur Gal estadioan, 140 hain justu.


Berruet: «Siendo de casa jugar contra el Madrid tiene más importancia»

Iñaki Berruet es uno de los jugadores unionistas que ya sabe lo que es jugar ante el Real Madrid, aunque el choque de hoy va a ser especial: «Ahora estoy jugando en el equipo del pueblo y enfrentarse al Real Madrid tiene más importancia y es más ilusionante. Vamos a salir a ganar y a tratar de salir con la cabeza bien alta», comentó el central irundarra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo