GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Lau eta Erdiko Txapelketa

Txapela jantzita eramateak ez dio inolako presiorik sortzen Titini

Martinez de Irujok faborito papera onartu zuen Iruñeko Labriten, baina «badaezpada ez nuke dirurik jokatuko nire alde», adierazi zuen.

p038_f01_111x111.jpg

Jon ORMAZABAL | DONOSTIA

Orain hamarkada batzuk gertatzen zenarekin alderatuta, txapela defendatzea ia ezinezko bihurtu da, indarrak askoz ere parekatuago daudelako. Gauzak horrela, azken hamar urteetan Aimar Olaizolak bakarrik irabazi du Lau eta Erdiko Txapelketa bi urtez jarraian, 2004 eta 2005ean hain zuzen. Oraingoan Titini egokitu zaio irabazitakoa defendatzea eta, bere azken kaiolakoa izan daitekeela jakinda ere, Triciokoak ez du aparteko presiorik sumatzen.

Pablo Berasaluze, puri-purian dagoen pilotaria, izango du aurkari bihar Atano III.ean errioxarrak, eta arazorik izan ez zen material aukeraketan oso lasai egotearen itxura eman zuen. «Ez dut inolako presiorik sumatzen txapela defendatzeagatik. Nik dagoeneko iazko txapela ahaztuta daukat, hau beste urte bat eta beste txapelketa bat da, iazkoak ez du ezertarako balio txapelketa honetan. Alde horretatik oso lasai nago, Pablok irabazten badit ni baino hobea delako izango da», azaldu zuen.

Fisikoki, ondo

Adinean aurrera doanez, gorputzak, batez ere belaunek, izan dezaketen erantzuna dela-eta ez zegoen argi buruz buruko lehia honetan parte hartuko zuen ala ez baina, antza, prestaketa inolako arazorik gabe egin du, eta alde horretatik ez omen dago aitzakiarik. «Lehian hasteko irrikaz nago, entrenamenduetan ongi moldatu naiz, edozein pilotarik izan ditzakeen arazotxoak ditut, baina ez dut kexatzerik».

Egun bat lehenago, larunbatean, Labriten, egin beharko du debuta aurtengo txapelketan Juan Martinez de Irujok, Diaz eta Xala kanporatzetik datorren Asier Olaizolaren aurka. Material aukeraketan egon ohi den gerra sikologikoaren baitan, Goizuetako aurrelariak argi utzi zuen Iberokoa dela kanporaketarako faborito garbia, eta irabazi ahal izateko «sekulako partida» jokatu beharko lukeela. Normalean kirolariek faborito txartela gainean eramateari uko egiten dioten arren, Aspekoak onartu egin zuen, hori bai, inolako konfidantzarik izan gabe.

«Orain arteko kanporaketa askotan ere faboritoak egon dira eta begira non geratu diren faborito ziren horietako asko. Asierrek ez dauka biktima paperean joaterik, ikusi dugu eta zertarako gai den. Faborito izan naiteke, baina badaezpada ez nuke neure alde apusturik egingo, ez behintzat 600/1000ri».

sasoian

Ez agian beraiek nahi luketen bezain ondo, baina bai Titinek, baita Juan Martinez de Irujok ere txapelketara sasoian heldu direla adierazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo