GARA > Idatzia > > Ekonomia

Baionako Xaho kaian dena prest dago hirugarren Lurrama azokari ekiteko

Bihartik goiti, igandea bitartean, Lurramari esker laborantza hiritartu egingo da Baionan. Alde ludikoaz gain, «ingurumena errespetatzen duen kalitatezko nekazaritzaren premia» nabarmenduko da aurten ere.

p024_f01_148x104.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Badira bi aste Xaho kaiaren belazean karpak ezartzen hasi zirela eta dagoeneko dena prest dago III. Lurrama erakustazokak bihartik aitzinera eta igandera arte bere ateak ireki ditzan.

Aurten hasierako formula orokorra jarraituko badute ere, Maryse Cachenautek adierazi du berrikuntza batzuk ere izango direla: «Esaterako, lehen aldiz etxe-ekoizpenen artean, arrantzaleak izango ditugu eta jendeak Donibane Lohizuneko itsasontziek arrantzatutako arraina erosi ahal izango du».

Haurren txokoaren azalera bikoiztu egin dute. Bertan, animazio ugari izango da, baina tailerrak ere bai, «era pedagogikoan ingurumenarekin edota lurraren ekoizpenarekin zerikusia duten gaiak ezagutarazteko». Hala, Baionako CPAMk (Gizarte Asegurantza Kutxa) lehen aldiz gune berezia izango du, «elikadurak lotura zuzena daukalako osasunarekin eta txikitatik ongi elikatzen ikasteak berebiziko garrantzia» duelako. Helduek ere izango dute beren elikaduraren diagnostikoa egiteko aukera, egunero 10.00etatik 18.00etara.

Bi gaualdi izango dira Xaho gunean; bata, bihar bertan, zikiro-bestarekin, eta bestea, «Hegoalde gaua» izendatu dutena, larunbatean. Igandean, berriz, sukaldari ezagunak prestaturiko ohikoa den bazkaria izango da Glain gunean. Ekimen guztiak animazioz, bertsoz eta musikaz lagunduak izango dira eta, besteak beste, pintxo-lehiaketa antolatu dute aurten ere.

Eta, nola ez, «baserria hirira ekartzea» helburuetako bat izaki, kabalen erakusketak eta bertako ekoizpenen salmentek toki berezia izango dute.

Laborantza iraunkorra

Laborarien eta herritarren arteko harremana sustatzeko, alde ludikoaz gainera, kontsumitzaileen kontzientziazioa bultzatzea ere bada Lurramaren zeregina. Kalitatezko eta ingurumenari lotutako laborantzaren beharra nabarmenduko dute aurten ere. Hori da, hain zuzen ere, sakoneko mezua, «egungo krisi testuinguruan, are eta garrantzi handiagoa duena», Cachenauten esanetan.

Horregatik hainbat gaik (energia, ura, biodibertsitatea, labelak...) berariazko trataera izango dute horretarako paratuko dituzten txokoetan. Mintzaldiak eta eztabaidak ez dira, ez, faltan izango. Hala, gaur 15.00etan landareekin egindako erregaiei buruz hitz egingo dute Elkar Megadendan. Bihar, berriz, 11.00etan nekazaritza biologikoaz, eta, 17.00etan, mundua elikatzeko laborantza herrikoia izango dute hizpide. Bi mintzaldi hauek Unibertsitate berriko anfiteatroan emango dituzte.

Lehen edizioan hasitako ohiturari jarraiki, hirugarren honek ere izango du «aitabitxia», Albert Jacquard zientzialari sonatua, hain zuzen ere.

Egungo «errota zoroa» aldatzeko premia nabarmenduta, Jacquardek Lurramako ekimena goraipatu du «txikiak izanik ere, jendeari errealitatea azaltzeko helburuarekin egiten diren ahalegin guztiak beharrezkoak baitira». Beste era batera bizi eta funtzionatu daitekeela frogatzen dutela gaineratu du, «desgarapen jasangarria» kontzeptuaren defendatzaileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo