GARA > Idatzia > > Kultura

Lisboa literarioan, fado kantari den polizia ohi bat lagun duelarik, «Fatum»a bilatu du Jon Arretxek

Iaz kaleratu zuen «Morto Vivace» eleberria Parisen kokatu zuen Jon Arretxek, eta horrekin «bidai liburu beltza» generoa asmatu. Orain Lisboara jo du, fado eta «saudade» doinuz bustitako irudiak ekartzeko.

p042_f01_97x76.jpg

Amaia EREÑAGA | DONOSTIA

Xabier Mendiguren editorearen hitzetan, Jon Arretxe (Basauri, 1963) euskal idazle emankorra da, irakurleen artean jarraitua eta salmentetan arrakastatsua. Eta oparoa bada, behintzat, ia urtero lan bat kaleratzeko ohitura hartu du-eta. Ez da harritzekoa, idaztea duelako ogibide, eta, munduan zehar bidaiatzea, pasio ezkuta ezina. Orain arte landu dituen generoak ere hortik joan dira, batez ere bidai liburuak eta bidaietan oinarritutako fikzioa gauzatu dituelako. Aurreko «Morto Vivace»n, ordea, beste abiapuntua hartu zuen eta, antza denez, Parisen girotutako eleberri poliziako harekin bide berriak zabaldu zitzaizkion, orain «Fatum»ekin (Elkar) borobildu dituenak. Lehen proba bat besterik izan ez zena, orain «marka» bat bihur daiteke, atzo Donostian eskaini zuen prentsaurrekoan Jon Arretxek mota honetako nobela gehiago etorriko direla iragarri baitzuen, atzerriko hirietan kokatutakoak. Praga edo Istanbulen izenak bota zituen, baina ba omen du esperimentuan gehiago sakontzeko asmoa, Afrikako eta Ekialde Urruneko hirietan kokatutako istorio beltz bat kontatzeak baduelako bere xarma.

«Fatum» eleberrian Lisboako kaleetan murgiltzen da. «Lehenik ere ezagutzen eta estimatzen nuen Lisboa, eta aurten hiru aldiz egon naiz han, guztira hilabete inguru», esan zuen atzo. Literatura gauzatzeko guztiz gomendagarria zen -turismoa egiteko ez hainbeste- pentsio batetik Lisboa zaharreko Alfamako fado-etxeetan, tabernetan edo tranbietan «zentzumenak zorrotz» bidaiatu zuen Arretxek, fadoa (gure «patu» hitza, «fado» bera bezala, fatumetik dator) soinu-banda zuelarik.

Mariza prostitutaren hiltzailearen bila ekingo dion Mario Barbosa polizia ohi eta fado-kantaria ere, eleberriko pertsonai asko bezala, Lisboako bazter batean aurkitu zuen idazleak. «Alfamako fado-etxe baten ezagutu nuen, kasualitatez -argitu zuen atzo-. Han afaltzen nengoela `O cavalo russo' kantatu zuen gizon txiki eta lotsati batek, eta berarekin enamoratu nintzen ia. Fado hori ez da politenetakoa, kantaria ez da lar ona, baina gizonaren keinuak, itxura fisikoa, sentimendu jarioa... ikusi nituenean `hauxe izango da nire liburuko pertsonaia' nagusia pentsatu nuen. Pertsonaiari izena ipintzerakoan mila aukera pasatu zitzaizkidan burutik, eta azkenean Mario deitzea erabaki nuen. Lisboara beste bidaiatxo bat egin, eta haren fado-etxera itzuli nintzenean `O cavalo russo' kantatzeko eskatu nion, gero, bere izena galdetu nion gizonari, eta zein ote? Bada, Mario!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo