GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Zaindu belarriak

 

Haritz SOUND SYSTEM
 
Gu bai garela tontolapiko eta inozoak. Noiz galdu genuen gorputzari entzuteko ahalmena? Ahalmen hori izan dugu noizbait? Kirtenak gara berez edo bizi garen gizarte sistemaren ondorioa da? Gehiegikerian bizi gara eta ez dugu neurririk. Asko ona da eta gutxi pobrea. Kantitateak axola du, orekaren eta kalitatearen gainetik.

Sobera jaten dugu, sobera edaten dugu, gehiegi kontsumitzen dugu, neurri gabe drogatzen gara, gehiegi lan egitera behartzen gaituzte eta kirola ere (egiten dugunean behintzat) neurririk gabe egiten dugu askotan (adibide gutxi batzuk jartzearren).

Horrelako egoeretan, gorputzaren erantzuna jasotzen dugu etengabe, zerbait gaizki egiten ari garela esaten digu, baina normalean ez diogu jaramon handirik egiten. Gorputzaren oihuak isilarazteko botikekin ederki aberasten dira batzuk. Primeran bizi gara oparotasunean.

Musikazaleak garenok ere mundu berean bizi gara. Musika entzuteko garaian adibidez, bolumenak garrantzi handia du. Bafleek edo instrumentuen dardarek sortutako uhinak jasotzen ditu gure belarriak. Prozesu konplexu baten bitartez uhin horiek seinale elektriko bihurtzen dira, eta azkenik burmuinak interpretatzen ditu erreakzio kimiko bihurtuz. Belarriak jasotako dardarak zenbat eta intentsuagoak izan orduan eta gehiago sentituko dugu musika (ez nahastu kantuek sortzen dizkiguten sentimenduekin; hauek ez dute bolumenarekin zerikusirik).

Musika entzuteko garaian bolumen egokiak garrantzi handia du. Festa batean adibidez, kantu oso dantzagarria izan arren, musika oso baxu badago (jendearen marmarra baino baxuago) zaila izango da jendea dantzan jartzea (posible bada ere). Kantu bera bolumen egokian entzunda, jendeak errazago sentituko du eta, azkenik, bolumena altuegi badago, neketsua izan daiteke, baita mingarria ere. Horrelakoetan gorputzaren babes sistemak martxan jartzen dira eta mingarriak izan daitezkeen frekuentziei entzungor egiten die. Gorputzak, bolumen altuetara moldatzeko gaitasun handia du, baina luzera esfortzu horrek ondorio kaltegarriak ditu. Gaztetan bolumen altuekin egiten ditugun gehiegikeriek faktura pasako digute urteekin.

Ez da gauza berria. Adituek ondo dakite hori eta, hala ere, osasun publikoan ez zaio gure entzumenaren osasunari inolako jarraipenik egiten (berandu den arte). Aisialdian edo lanean, belarriak errespetatu behar ditugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo