GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Isuri toxikoetaz abisatzeko sirenak jarri dituzte Alonsotegi eta Gueñesen

Lakuako Herrizaingo Sailak bi sirena jarri ditu Gueñesen eta beste bat Alonsotegin, larrialdi kimikorik gertatzekotan herritarrak berehala oharatarazi ahal izateko. Atzo frogatu zituzten lehenengoz txirrinak.

Ruben PASCUAL |

Lakuako Herrizaingo Sailak atzo jarri zituen martxan Gueñes eta Alonsotegiko udalerrietan hiru sirena isuri toxikoek eragindako larrialdi kimikorik egotekotan herritarrak berehala abisatu ahal izateko.

Atzo frogatu zituzten lehenengoz sirenak. Ekipo hauek abiarazi baino lehen, iragan uztailetik komunikazio kanpaina bat abiatu zituen Balzak zuzendutako sailak. Horrela, zonalde horietan bizi direnei industria kimikoaren inguruko informazioa igorri zieten, eta istripurik egotekotan jarraitu beharreko urratsen berri eman zitzaien.

Lakuatik azaldu zutenez, EAEko 17 zonalde daude industria jardueratik eratorritako arrisku kimiko horren pean, artean Gueñes eta Alonsotegi.

Herrizaingo Sailak larrialdietarako plan bat diseinatuta dauka, non giza-baliabideak eta baliabide materialak antolatu eta koordinatzeko jarraibideak zehazten diren. Plan horren barnean kokatuko lizateke herritargoa abisatzea bai megafonia bidez eta baita komunikabideen bitartez ere.

Atzo martxan jarri zituzten alarma horiek, auzokideak ohartarazteko sistema hori indartzea du helburu, modu berehalakoan herritarrek beren burua babesteko aholkuak jarrai ditzaten.

Sirena horiek bi motatako seinaleak igor ditzakete, nahastu ezinezkoak eta arriskupeko zonalde guztian zehar entzungarriak: lehenengoak alertaren hasiera markatuko luke eta besteak, haren amaiera. Herritarrak babesteko, sirenak jo bezain pronto leku itxi batera abiatu daitezela gomendatu zaie.

Sirena berrietako bat Alonsotegiko La Guía auzoan kokatuta dago, eta gainerako biak, Gueñesko Zaramillo auzunean. Sirena hauek pizteko abisua bi lekutara eman daiteke: SOS Deiak edota Alonsotegiko Udalera deituta.

Lau zonalde

Azken honekin, lau dira EAEn mota honetako sirenak dituzten zonak. Izan ere, Lakuako Herrizaingo Sailak Lantaronen, Muskiz eta Hernaniko udalerrietan bazituen kokatuak halako abisu-sistemak.

Herritarrek sirenaren soinuarekin harremanetan jar daitezen eta, era berean, larrialdirik egotekotan nola jokatu jakin dezaten, Lakuak informazio kanpaina bat abiatu zuen joan den uztailean.

Informazio hori hainbat modutan helarazi zaie bizilagunei, bai batzarren bidez eta baita beste euskarri batzuen bidez, hala nola, kartelak, panelak, eskuorriak....

Atzo frogatu ahal izan zuten moduan, oso argiak fira sirena horrek igortzen dituen bii soinuak.

Larrialdiaren hasiera soinu-uhindu batek iragarriko du. Minutu bateko 3 joaldi izango dira, haien artean 5 segunduko isilunearekin. Amaiera iragarteko, berriz, 30 segunduko soinu lau eta jarrai bat entzungo litzateke.

Aholkuak

Uztailetik hona, Lakuaren informazio kanpaina herritarrek beren buruak babesteko aholku batzuk barneratzera bideratuta egon da.

Hala, hasierako sirena-hotsa entzuterakoan, herritarrak leku itxi baten babesera jo beharko dute eta oinarrizko gomendio batzuei jarraitu. Adibidez, lehio eta ateak ixtea.

Gainera, telebista eta irratiaren bidez emandako jarraibideei adi egon beharko dute; aireztatze-sistemak ez erabili; kalean egotekotan, arnas-bideak estali... Hauek dira, besteak beste, luzatu dizkieten gomendioak.

INFORMAZIOa

Uztailetik aritu da Lakua herritarrei larrialdi kimikoei buruzko informazioa ematen. Adibidez, industria kimikoaren arriskuari buruzkoa edota nork bere burua babesteko urratsen ingurukoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo