GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Fermin Muguruzaren disko berria

Muguruza: «Lokala eta globala norabide bikoitzeko bideak dira»

Munduko bazterrak nahasten ibili da azken bi urteotan Fermin Muguruza eta «Asthmatic Lion Sound Systema» diskoa izan da bidaiaren emaitza. Han-hemenka lortutako erritmo eta ekarpenekin osatu du lan berria, kolaboratzaile talde oparoa bidelagun. Babelgo dorre berria eraiki du oraingoan, baina zimenduak Euskal Herrian jarriak ditu.

p036_f01_097x263.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Irundik, bere sorterritik bertatik hasi eta mundu osoa zeharkatu du Fermin Muguruzak «Asthmatic Lion Sound Systema» sortzeko. Ez da lan makala izan. Munduko hamaika lurralde zeharkatu ditu bizkarrean «estudio eramangarri» bat hartuta. Eta emaitza, nola ez, askotariko kultura, erritmo eta adierazpen moten batuketa indartsua izan da. «Hori da diskoan aurkezten duguna, bidaia baten bitakora kaiera, musika ezberdinen arteko topaketa, ahots ezberdinen erakusleihoa», azaldu zuen Muguruzak diskoaren aurkezpenean.

Baina zergatik «Asthmatic Lion Sound Systema»? Azalpen mardula eman zuen musikari irundarrak izenburuaren zentzuaz mintzatu zenean. «Asthmatic» hitzari esanahi bikoitza eman dio diskoan. Batetik, asmatikoak direnei bakarrik arnas hartzeko zailtasunak dituztela esaten zaielako eta, bestetik, «guztiok elkarrekin arnas hartzeko» gonbita zabaldu nahi duelako. «Sound Systema»ri dagokionez, «jaia egiteko modu bat da, baina mugimendua ere adierazi nahi du». Mugimendu horren baitan, aurrez aipatu bezala, herrialde desberdinetako kulturekin bat egin du Muguruzak lan horretan, baina bere sorterriari ere bota dio begirada. «Auzoan ikusten da beste lekuetatik gero eta jende gehiago datorrela, eta beti izango dira ongi etorriak. Kanpoan dagoena beraiekin banatzea da gerta dakidan gauzarik politena», esan zuen. «Izugarria da mundu osoan ibiltzea eta auzoko usainak dariola konturatzea. Lokala eta globala norabide bikoitzeko bideak dira».

Binilo formatuan ere aurki daitekeen diskoak hamabi kantu biltzen ditu eta askotariko erritmoak lantzen dira horietan: reggaea, raggamuffina, hip hopa edo soula, kasurako, eta guztiak bidaia osoan bisitatutako lurretan izan dira grabatuak.

Unean unekoa

Angel Gonzalez Katarain ingeniari teknikoak egin ditu lanaren grabazioa eta nahasketak eta, prozesu horren berezitasunaz hitz egiterakoan, ohikoak ez diren mekanismoak erabili izana azpimarratu zuen. Izan ere, ohiko grabaketa prozedurak «desagertzear» daude, dagoeneko «mugikorrak diren estudioak» erabiltzen baitira kantu berriak sortzeko, eta edozein lekutan erregistra daitezke. Hala ere, Muguruzak abestiak sortzeko erabiltzen duen bidea ez da oso ohikoa: «Zirriborro batzuk aurkezten zizkidan, oinarri edo lerro zehatzik gabe». Zegoen herrialdean aurkitzen zuen kolaboratzailearekin gauzak sortuz joan da Muguruza, eta horiek grabatu ostean hasi ziren kantuak sortzen. «Harrigarriena abestien artikulazioa izan da. Estudioan mila lerrotako koadro bat geneukan diskoa osatzeko. Zirriborroen artean gauzak aurkituz joan gara eta abestiak sortuz joan dira. Koloreekin jokatu dugu gehienbat», adierazi zuen Katarainek.

Kolaboratzaile zerrenda luzearen laguntza izan du oraingoan ere musikari irundarrak. Tartean daude, besteak beste, Xabi Solano, Sorkun, Manu Chao, Mikel Abrego eta BAD Sound System talde irundarra, eta azken lanerako ezagutu dituen Hedoi Etxarte biolin-jotzailea eta Nerea Olaxa kantaria. Azken horrekin «oihua» berreskuratu duela nabarmendu zuen Muguruzak. Bihartik aurrera erabilgarri egongo da, gainera, www.muguruzafm.com webgunea, disko berriaren gaineko informazio guztiarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo