GARA > Idatzia > Kultura > Zinema

Euskadiko Orkestraren egoitza «Zorion perfektua»ren lekuko

Argiei azken ukitua eman, kamerak posizio egokian jarri... eta «ekin!»; Anne Igartiburu gelan sartu eta serio antzean oholtza erdian dagoen piano beltzera abiatu da. «Zorion perfektua» filmaren eszena bat da; atzo Donostian entseatu zutena, hain zuzen ere. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren aretoa zine agertoki bihurtu zen.

p037_f01_250x164.jpg

Odeia AIESTARAN | DONOSTIA

Pausokak ekoiztutako «Zorion perfektua» lanaren filmazioak hirugarren astea du jada, eta beste hiru iraungo dituela iragarri zuten atzokoan Donostian egindako saioan. Izan ere, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak hiriburuan duen egoitza, zinema agertoki bihurtu zen Jabi Elortegik zuzentzen duen filma grabatzeko. Anne Igartiburu, Aia Kruse, Alberto Berzal, Elena Irureta eta Felix Arkarazo aktoreak, filmaren zuzendariarekin eta Anjel Lertxundirekin batera izan ziren; azken honen liburuan oinarritutako filma baita.

2002an argitaratutako nobelak atentatu baten lekuko izandako hamasei bat urteko neska bat du protagonista. Berak kontatzen ditu atentatua gertatu ondoreneko hogeita lau orduak, inguruan eta bere baitan gertatzen diren hausturak eta hausnarketak jasoz.

Filmean, Ainhoa piano-jotzailea da protagonista. Haren papera, lehenengo aldiz zineman «protagonista» gisa estreinatzen den Anne Igartiburuk eta Aia Kruse gazteak egiten dute; pertsonaia beraren gaztaroa eta helduaroa irudikatuz. Joseba Salegi, zuzendari laguntzaileak «ekin!» esan orduko, atea gurutzatu, oholtza gaineko instrumentuari begiratu, eta Ainhoa ibilera ziurraz erdira gerturatzen da. Grabaketa behar bezala atera arte, behin eta berriz errepikatu beharra ere izaten da eta, hala, argiak aldatu edota pianoa mugitu behar izan zuten.

Bestalde, lantaldean oso giro ona dagoela esan zuten denek. Igartiburu, gainera, zuzendariarekin duen harremanaz mintzatu zen, batak bestearengandik «hartu eta eman» egiten dutela adieraziz. Bientzat «erronka berri eta garrantzitsu» bat dela ere aipatu zuen. Elortegik zuzentzen duen lehen film luzea da.

Elortegiren hitzetan, hiru aste eta bi egunen buruan filmazioa bukatuta izatea aurreikusten dute, azaroaren 25erako hain zuzen ere. Lanaren emaitza ezagutzeko, ordea, ez dago data zehatzik. Pausokak, halere, Donostiako Zinemaldia du buruan.

Filmazioa Bartzelonan

Zarautzen, Donostian eta Getarian filmatuko dute, eta ondoren Bartzelonara joango da taldea, Ainhoaren bizilekura. Elor- tegik azaldu zuenez, «maitasun istorio ez erraz» bat da ardatza.

Hiriburuan auto batek harrapatu du emakumea eta behin komatik aterata, eskua hondatuta duela konturatuko da; betiko. Hori dela-eta, ezingo du bizi-poza ematen diona egin, pianoa jotzea alegia. Pertsonaiak, bere ibilbide profesionalarekin obsesionaturik, ez du inoiz bere sentimenduak azaleratzen jakin. Baina Imanol ezagutuko du eta gauzak aldatu egingo dira, honek Ainhoaren bizitza zehatz-mehatz ezagutzen baitu. Harremana eten egingo da ondorioz. Arrakasta musikalen eta porrot sentimentalen istorioarekin bat, Ainhoa hogei urte lehenago nolakoa zen ere ikusiko da, Krusen paperaren bitartez. ETAren atentatuaren lekuko izateak aztarna utziko dio.

Filmaren nondik-norakoak azaltzean euskal zinemaren egoera ere kaleratu zuten. Filma euskaraz egitea albiste ona dela esan zuten, baina Elena Iruretak azaldu bezala, «euskarazko film luze gutxi daude eta aktoreak asko gara». Horregatik, aldi berean, proiektuan parte hartzearekin pozik agertu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo