GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Lau eta Erdiko Txapelketa

Aitaren anbizioa behinik behin badu Julen Retegik

Titin III.a txapelduna gaur sartuko da lehian Pablo Berasaluzeren aurka

p029_f04_444x444.jpg

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Pilotarako dohain ikaragarriak eta mesede handia egin zioten txapelketa sistemez gain, barruan zuen irabazteko senak eraman zuen Julian Retegi historiako pilotaririk onena izatera. Eta aitak lortu zituen txapelen laurdenak irabaztea kostako zaion arren, haren gosea behintzat badu Julen Retegi gazteak. Eratsungo pilotari handiaren semea izan da debutatu dutenen artean final-laurdenetara heldu den bakarra, eta beste edozeinek Gonzalez eta Del Rey kanporatuta nahikoa izango lukeen arren, Retegi Bik txapela du amets, nahiz eta igandean azken bi finaletan izan den Abel Barriolaren aurka jokatu behar duen.

Atzo egin zuten Eibarko Astelenan igandean jokatu beharreko partidarako material aukeraketa; bi pilotariek ez zuten kexurik izan eta, bertan, egindakoarekin ez duela aski nabarmendu zuen behin eta berriz, nahiz eta Barriola faboritotzat jo zuen. «Halako partida batean morala goran izan behar da, bestela hobe da etxean geratzea. Nik beti nahi dut gehiago, txapela irabazteko gaude denak hemen, gero ahal izatea izango da kontua, besteek ere jokatzen baitute», adierazi zuen.

«Ohiko zalantzak»

Duela zazpi urte Julian Retegiren agurreko partidetan Eratsungoaren aurka jokatu zuen Abel Barriolak, eta orain semearen aurka jokatzea egokitu zaio. Buruz buruko azken final guztietan izan den leitzarra txapela janzteko faboritoetako bat da eta, azkenaldian ukondoan lesio bat izan duen arren, txapelketara «ohiko zalantzekin» heldu dela esan du.

«Arazo fisikoak txapelketa behar bezala prestatzeko orduan oztopo bat izan dira, baina orain erabat osatuta nago. Hiru entrenamendu on egin ahal izan ditut eta, irabazi edo galdu, lesioa ez da aitzakia izango».

Zerrendako buru izateak final laurdenetan sartzearen abantaila dauka baina, bestalde, txapelketan hotzean sartzearen desabantaila ere badu, eta hala nabarmendu zuen Leitzakoak. «Zerrendaburu izateak bi alde dauzka, batetik, txapelketa prestatzeko denbora gehiago daukazu, baina bestetik, aurkaria bi partida jokatuta dator eta lehian buru-belarri sartuta dator. Nik, ordea, hasiberri batek izaten dituen ohiko zalantzekin ekingo diot txapelketari.

Igandeko partidari begira, «oso partida zaila» aurreikusten du Aspeko pilotariak. «Lau eta erdian gehien lan egiten duenak eta aukerak hobekien aprobetxatzen dituenak irabazten du. Ni sakeari eta piloteoari probetxua ateratzen eta pilotari abiadura handia ematen saiatuko naiz.

Hori igandean izango da, baina gaur gauean hasiko dira final laurdenak, egungo txapeldun den Titin III.ak eta Berasaluze VIII.ak Donostian jokatuko duten lehiarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo