Euskal abesbatzak, gaur, Tolosako «txapelketen katedraleko» lehian
Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketak gaurkoan egun handia du; goizean haurren kantuak izango dira, arratsaldean helduen doinuak, eta arratsean Mikrokosmos taldearen ikuskizuna ikusteko aukera. Euskal ordezkariak ere gaur dute eguna eta hala, Leioa Kantika Korala eta Kup talde euskalduna saiatuko dira dutenik «onena» ematen.
Odeia AIESTARAN | TOLOSA
Tolosako Ekinbide Etxeak antolatzen duen lehiaketak berrogei urteko ibilbidea egin du jada. Bertako lehendakari Ana Arretxek azaldu bezala, «lehiaketa txiki bat izatetik, munduko onenetakoa izatera heldu da».
Asteazkenean hasitako programak gaur izango du segida. Hala, haurren abesbatzen saioek emango diote hasiera Tolosako Abesbatza Lehiaketako egun handiari. Kontzertuek maila altua erakutsi dute orain arte, eta hala eutsiko diote gaurkoan ere. Horretaz arduratuko dira behintzat, atzerriko abesbatzekin batera, parte hartuko duten Leioa Kantika Korala eta Donostiako Kup euskaldunak.
Lehenak goizean abestuko du, 11.00etan hasiko den haurren saioan, Txekiar Errepublikako Motly Sumperk eta Prague Philarmonic Children´s Chori, Errusiako Vdokhnovenije eta Kataluniako Cor Amics de la Unio abesbatzekin batera. Azpimarratzekoa da, Leidor Antzokia jendez lepo egongo dela. Izan ere, sarrerak salgai jarri ziren egunean bertan denak agortu ziren. Arretxek adierazi duen bezala, «beti beteta» izaten da, umeen saioak «arrakasta itzela» du.
Arratsaldean, berriz, 16.00etatik aurrera, agertoki berean, helduen abesbatzek hartuko dute lekukoa. Bertan, Ensemble Vocal Hamburg talde alemana, Youth Choir Kamer letoniarra eta Donostiako Kup taldea izango dira lehian.
Lehiaketa bukatzean, Arretxek gaineratu duenez, «kontzertu berezia» antolatu dute, «ezberdina». Mikrokosmos abesbatza frantziarrak zinema mutua baliatuko du euren kantua eskaintzeko. Iluntzean izango da hori, 20.00etan, Leidor Antzokian.
Euskal taldeak ilusioz
Tolosako hitzordua berezia dela ez du inork ukatzen eta horixe azpimarratu nahi izan dute, hain zuzen ere, euskal ordezkari diren Leioa Kantika Koraleko zuzendari Basilio Astulezek, baita Kup taldeko Aitor Imaz kideak ere.
Astulezek adierazi duenez, maila altua dago Tolosan, «txapelketen katedralak errespetu handia ematen du», baina bera benetan ez omen da jabetzen beste taldeen lanaz, «nahiago dut nire lanean zentratu», nahiz eta beste lau taldeek ere «lan politak» eskainiko dituztela ziurtzat jo. Hori dute alde umeek, lehiaketaren presioaz kanpo geratzen direla. Horregatik, «koru freskoa eta garbia» azaltzea dute gaurko helburua.
Leidorren eskainiko duten errepertorioari dagokionez, taldearen «filosofiaren laburpen polit bat» izango dela adierazi zuen. Errepertorio ezezaguna eskainiko dute, abestien artean, zuzendariari «ilusio berezia» egiten dion «Euskal jokoak» lana azalduko dute.
Hogeita hamabi neskek eta bost mutilek osatzen duten taldearen ibilbidea, bestalde, «ederra» izan dela gaineratu du. Duela gutxi sortu zen irudipena dugu, baina eman ditugun pausoak ikusita, beste bizi batean sortu genuela dirudi», adierazi du. Izan ere, 2001ean sortu zutenetik, jaialdi eta ekitaldi ugaritan izan dira gonbidatu gisa eta besteak beste, lau disko grabatu dituzte.
Kup talde donostiarreko kide Aitor Imazek, bestalde, kanpoan kantatzea Tolosan baino «errazagoa» dela azpimarratu du, «etxeko izate horrek jarritako presioa» handia delako. Halere, «ilusioz eta ahalik hoberen egitera» aterako dira arratsaldean. Gipuzkoan, Euskal Herrian eta Europan «erreferente» den saioan kalitate eta maila handia dagoela ere adierazi du eta horrek erakusten du, bere hitzetan, euskal abesbatzak ere «maila onean» daudela. Egoeraz adierazi zuenez, «Euskal Herriko abesbatzak erreferente izan ziren estatu osoan 1980ko hamarkada bukaeran eta ondoren beheraldia egon zen. Orain, berriz, suspertzen ari da».
Lehiaketako azken txanparen ondoren, bihar goizean amaierako saioa izango da Leidor antzokian, 11.00etan.
Halere, ez da hor amaituko abesbatzen saioa. Izan ere, Tolosan bost egunetan zehar emanaldiak eskaini dituzten taldeak kontzertu zirkuitu bat egitekotan dira. Bertan, laurogei saio izango dira, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa, Burgos, Cantabria, Aragoi eta Iparraldeko berrogeita zazpi herritan.