Udalbiltzaren auzipetzea nazioartean salatzeko agiria mila hautetsik izenpetu dute
Udalbiltzaren aurkako epaiketa gertu zela ikusirik, udaren hasieran egoera hori nazioarteko erakundeetan salatzeko egitasmoa martxan jarri zuten. Alderdi ezberdinetako 1.000 hautetsiren babesa jaso du jada.
GARA |
Udalbiltzaren auzipetzea nazioarteko erakundeetan salatzen duen agiriak Euskal Herriko 1.000 udal hautetsien babesa jaso du dagoeneko. Sinatzaileen artean, Udalbiltzaren sorrera bera sostengatu zuten indar politiko guztietako ordezkariak eta ordezkari ohiak (Abertzaleen Batasuna, EH, EAJ eta EA) eta independenteak daude, baita EAE-ANV, Aralar, Nafarroako Bai eta Nafarroako Ezker Batua alderdietako udal hautetsiak ere.
Ekimena udaren hasieran jarri zen martxan, Udalbiltzaren aurkako prozesuan auzipetutako 22 pertsonen aurkako epaiketa hilabete gutxitan has zitekeela ikustean, egoera hori nazioar- teko erakundeetan salatzea beharrezkoa ikusi baitzen. Epaiketa horretan auzipetutako udal hautetsi eta hautetsi ohiek, 10 eta 23 urte bitarteko espetxe zigorrari aurre egin behar diote. Hasiera datarik ez du oraindik epaiketa honek.
Udalbiltzaren zilegitasuna
Hala, zabaldutako agirian, sinatzaileek Udalbiltzaren zilegitasuna defendatu dute, eta «terrorismo» akusaziopean auzipetu izateagatik Estatu espainola salatu. Nazio Batuetako Giza Eskubideen Kontseiluaren, Europako Parlamentuko Giza Eskubideen Batzordearen, Europako Kontseiluko Giza Eskubideen Komisarioaren eta Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antola- kundeko Instituzio Demokratikoen eta Giza Eskubideen Bulegoaren aurrean aurkeztu dute.
Salaketa idatzian, oro har hiru puntu labur jasotzen dira; lehenik, «nazioek haien burua instituzionalki antolatzeko eskubidea» Nazio Batuetako eta Europako Erakundeen hainbat erabakietan jasota dagoela gogorarazten da eta, era berean, «Udal- biltzaren zilegitasun demokratikoa sufragio unibertsalez aukeratutako ordezkariek» ematen diotela azpimarratzen da.
Amaitzeko, Estatu espainolaren jarrera gaitzesten dute, «terrorismo delitua gizarte, kultura eta politikako eremuetara zabaltzen» duelako, «oinarri demokratikoak hautsiz».
Udalbiltzako auzipetuek oraindik salaketa orriak banatzen jarraituko dutela jakinarazi dute, «nazioarteko erakundeen aurrean ahalik eta sostengu zabalenarekin aurkeztu ahal izateko», eta ildo horretatik, «udal hautetsiei» idazkia sinatzeko deia egin diete.