Areto futbola Ohorezko Maila
Atzeko postuetatik ihes egiteko aukera ederra izango du MRA Navarrak
J.L. | DONOSTIA
MRA Navarraren Liga hasiera ez da oso puntakoa izan, azken denboraldi hauetako eskasena egin baitu, baina atzeko zulo horretatik irteten joateko aukera ederra izango du gaur arratsaldean Torrejonen, 18.15etik aurrera jokatuko duen partidan.
Berdeak ahul hasi ziren, baina badirudi Mundialagatik egin den geldialdiak mesede egin diela, pasa den ostiralean, behintzat, irabazi egin baitzuten Guadalajararen aurka. Hori bai, orduan bezalako hasiera txarra izaten baldin badute, ez dute erraza izango hiru puntuak batzea, izan ere, oren laurdena betetzerako 0-3 galtzen ari baitziren. Azkenerako, partidari buelta eman eta garaipena erdietsi zuten, baina horrelakoak gutxitan izaten dira.
Torrejon aurkari zuzena dute. Madrildarrak ez dabiltza fin, eta eurek ere ez dute hasiera on-onik izan. Sailkapenean nafarrak baino postu bat atzerago daude, puntu bat gutxiagorekin. Hortaz, Irurtzungoek 7 puntu batu dituzte, eta madrildarrek, berriz 6.
Jokalariei dagokionez, Imanol Arregik bi jokalariren zalantza du. Osoriok herenegungo entrenamenduan min hartu zuen, eta gaurkoan oso litekeena da jokatu gabe geratzea. Bestea Javi Eseberri da.
Espainiako selekzioarekin Mundiala jokatu ostean ez da ongi heldu etxera, eta astean besteak baino arinago entrenatu ostean, gaurko partidarako ere zalantza izango da, nahiz eta Madrilera joango den. MRA Navarrak gaurko partida galtzen badu, sailkapenean berriro ere atzera egingo du.