GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Top 14

Azken urte hauetako derbirik estuena hartuko du Agilerak

Une honetan, Aviron sailkapeneko laugarren postuan dago, eta Biarritz postu bat atzerago. Irabazten badute, aurretik jarriko dira.

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Azken urte hauetako euskal derbirik estuena eta orekatuena iragartzen da gaur ilunabarrerako Agilera estadioan. Bertan neurtuko dira, 20.30etik aitzina, Biarritz eta Aviron.

Azken denboraldi hauetan egoera oso ezberdinean jokatu izan dute bi talde hauek. Beti, biarriztarrak goiko postuetan, Ligako finalerdietan sartzeko helburuarekin. Baionarrak, aldiz, beheko postuetan, mailari eusteko asmoekin. Aurten, ordea, gauzak aldatu egin dira, eta zuri-urdinak ere goiko postuetan dabiltza, eta ikusitakoaren arabera, finalerdietan sartzeko hautagaien artean sartu beharrekoak izango dira.

Sailkapenean ere gauzak estu daude bien artean. Hala ere, zuri-urdinak aurretik daude, une honetan laugarren postuan baitaude 24 punturekin, eta postu bat atzerago dago, bi puntu gutxiagorekin, Biarritz. Beraz, gaur irabazten badute, laugarren postu hori beraientzat izango da.

Orain artekoa ikusita, etxekoak aterako dira faborito. Azken partidetan indartsu daudela erakutsi dute, eta etxean, gainera ez dute hutsik egiten. Baionarrak ere egoera berean jokatzen dute. Etxean bikain, baina Jean Dauguerretik kanpo asko kostatzen zaie garaipenak erdiestea. Hori kontuan hartuta, etxekoak aterako dira faborito.

Derbi guztietan bezalaxe, gaurkoa ere ez dirudi ikusgarri horietakoa izango denik, eta euriak jarraitzen badu, gainera, baloia eskura jokatzea ez da samurra izango. Horregatik, ostikoek, garrantzi handia izan dezakete.

Hamabostekoei dagokionez, Biarritzek erabakita dauka, eta honako hau izango da: Coetzee, Noirot, Johnstone, Thion, Carizza, Harinordoki, Cronje, Yachvili, Peyrelonmgue, Gobelet, Traille, Cabannes, Ngwenya eta Brusque. Aulkian, berriz, August, Moala, Hal, Som, Cibray eta Masi geratuko dira. Avironek, berriz, ohikoa den moduan, ez du hamabostekorik eman, baina bai deialdia, eta hauek osatzen dute: Fiorini, Lafond, Igiñiz, Hegi, Romiau, Blake, Avril, Tewhata, Lafitte, Linde, Bernard, Martin, Haare, Deen, Garcia, Edmonds, Maillard, Larretxea, Iñigo, Gower, Lacroix, Fall, Gerber, Bolavucu, Peyras eta Elhorga.

Norgehiagoka, berriz, Romain Poite epaileak zuzenduko du. Agilerara joaterik ez duten zaleek, Frantziako Canal+ telebista katetik zuzen-zuzenean jarraitu ahal izango dute.

Finalerdiak buruan

Biarritzek aurtengo Ligaren hasieran finalerdietan izatea zuen helburu, eta hori ez da aldatu. Avironek, aldiz, orain arte, mailari eustea izan du buruan, baina aurten gehiago nahi du.

Harmailak bete egingo diren arren, oraindik geratzen da sarrerarik

Derbietan beti gertatzen den moduan, harmailak leporaino beteko dira, eta giro hori goizetik hasiko da nabaritzen Biarrizko karriketan.

Hala ere, oraindik norgehiagoka zuzenean ikusi nahi duen batek sarrerarik ez badu, badaude apur batzuk saltzeko. Geratzen direnak 15 eurotakoak dira, eta ez dira onenak, ez behintzat partida ikusteko. Hala ere, neurketa hasterako denak salduta egongo direla iragartzen dute Biarriztik.

Hori bai, gaurkoan ere baionar gutxi izango dira Biarritzen. Horrela da ohitura. Olympiquek etxean jokatzen duenean baionar gutxi bertaratzen da Agilerara, eta itzulerakoan, alderantziz gertatuko da, biarriztar gutxi izango baita Jean Dauguer zelaiko harmailetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo