Laborarien eta Laborantza Ganberaren aldeko mezuekin zabaldu da III. Lurrama
GARA |
Eguraldi zakarra izanagatik, milaka lagun inguratu zen atzokoan Xaho kaira Lurramaren 3. edizioaren lehen egunean. Eskoletako oporraldia medio, bisitari gaztetxo ugari izan zen bertan, beraientzat preseski antolatutako lantegi eta animazioetan parte hartzeko. Ohi moduan, kabalen erakusketak izan zuen arrakastarik handiena adin-tarte horretan.
Beste zereginak zituztela-eta, aurtengo estreinaldian erakundeetako hainbat ordezkari eta hautetsi -Jean Casteings Kontseilari nagusia, Jean-Jacques Lasserre eta Max Brisson kontseilariak, esaterako- bertan ez baziren ere, beste hainbatek ez zuen huts egin. Horrela, Beatrice Gendreauk ordezkatzen zuen Akitaniako Kontseilua; Beñat Inchauspe Hazparneko kontseilariak Pirinio Atlantikoetakoa; Gonzalo Saenz de Samaniegok Lakuako Gobernua eta Jean-Rene Etchegarayk eta Martine Bisautak Baionako Udala.
Pantxoa Bimboire, Lurramaren presidenteak egin zuen aurkezpen ofiziala eta, segituan, aurtengo edizioko `aitabitxi' Albert Jacquard zientzialariari duela egun batzuk grabatutako hitzak entzun ahal izan ziren.
Egun, munduko ingurumenaren gainean dagoen «mehatxu gorriaren» aitzinean, laborantza iraunkorraren garrantzia nabarmendu zuen Jacquardek, Lurrama bide horretan doan ekimena dela adierazita. Humanistak, bere mezu filosofikoa egungo arazoen aipamenekin osatu nahi izan zuen. Hala, ez zuen ahantzi, Ipar Euskal Herriko laborariek beren jokamoldeak eta beharrezko jotzen dituzten tresnak eraikitzeko «duten eskubidea» aldarrikatzea, eta argi esan zuen ez zaiola ongi iruditzen Parisek eskubide hori mugatu nahi izatea Euskal Herriko Laborantza Ganberaren (EHLG) aurka duen jarrerarekin.
Goraipamenak eta sostengua
Hitza hartu zutenen artean, nekazaritza iraunkor eta herrikoiaren aldeko hitzak, eta Lurramari goraipamenak nagusi izan ziren. Bimboire berak eta Bisautak soilik aipatu zuten EHLGk Estatuarekin duen auzia eta bere elkartasuna helarazi zioten elkarteari eta urtarrilaren 29an epaitua izanen den Mixel Berhokoirigoin presidenteari.
Berak, hain zuzen, hartu zuen hitza saioa amaitzeko. Laborariak beren etxaldeetan jarrai dezaten «sostengatu» egin behar direla erranez, Europa eta tokiko eremuen artean diren botere publikoek «nekazaritza iraunkorra babesteko eta laguntzeko hautuak» egin behar dituztela nabarmendu zuen EHLGko presidenteak. Gainera, nekazariek bertako bizitza soziala, ekonomia eta kultura zaintzeko orduan duten zeregin garrantzitsuaz jabetu behar dela gaineratu zuen. Gizarteari ere mezua helarazi zion, «elikatzeko eta kontsumitzeko garaian, beren engaiamendua» adieraz dezan.
Gaur eta bihar ere ekimen ugari izango dira, goizetik hasi, 10:00etatik, eta arratsera arte. Antolatzaileek eta bertan lanean arituko diren 700 boluntarioek ahalegin guztiak egingo dituzte iazko bisitarien kopurua (35.000) erakartzeko eta laborantza esparrua eta hiritarren arteko ezagutza areagotzeko.