Lehen garaipenaren bila
Camachok jarraikortasuna emango dio Kopako taldeari
Talde gorritxoak Getafen emandako irudi ona dela-eta, nahiko pozik geratu zen entrenatzailea.
GARA | IRUÑEA
Osasunak hain beharrezkoak dituen puntuak ez eskuratuta ere, Getafen asteazkenean lortutako berdinketa, Jose Antonio Camachok orain arte gorritxoekin lortu duen emaitzarik onena da. Kasu honetan garrantzitsuena, baina, taldeak emandako irudia izan zen.
Entrenatzaileak nahiko pozik amaitu zuen bere gizonek egindako lanarekin, eta lehen ondorioa asteazkeneko hamaikakoaren jarraikortasuna izan daiteke. Atzo, behintzat, talde berberarekin lan egin zuen Camachok. Hutsuneek, gainera, ez diote aldaketarako tarte handirik uzten, bost baitira, guztira -Natxo Monreal, Krutxaga, Margairaz, Dady eta Ezquerro-. Zalantza bakarra, ateari dagokiona; Getafen Robertok jokatu arren, badirudi entrenatzaileak Ricardo berreskuratuko duela.
Egoera honek onuradun garbi bat izan dezake, Walter Pandiani, hain zuzen ere. Jose Angel Zigandarekin inolako aukerarik eduki ez zuenez -nafarraren irteerak emandako poza jendaurrean agertu zuen, gainera-, aurrelariak ia Iruñera heldu bezain laster galdutako protagonismoa berreskuratzea espero du orain. Hasteko, «oso pozik» dago Getafen gertatutakoarekin, bai berak egindako lanarekin, «ondo sentitu nintzelako», bai taldeak, oro har, partida ona egin zuela uste duelako. Defentsan, baita erasoan ere, lan ona egin genuen».
Bihar ere, hamaikakoan izateko aukerak ditu. Eta oraindik aukera hori ospatzen ausartzen ez den arren, argi dauka berarentzako «asko» dela «entrenatzailearen asmoetan sartzea, jokatzeko aukerak izatea, azkenean aulkian geratu arren». Poza erabatekoa izango litzateke hasieratik jokatuz gero, are gehiago bere talde ohia bisitatzen duela kontuan hartuta. «Oso barruan daramat Espanyol -onartu zuen Bartzelonan egon zen azken denboraldian 18 gol sartu zituen jokalariak-. Baina igandean nire interesak bere aurka joango dira, partida nahi eta nahi ez irabazi behar baitugu», esan zuen.
Ildo horretan, Osasunak «berehala irabazi behar» duela azpimarratu zuen. «Ez du balio ez berdintzeak, ezta galtzeak ere. Gorantz egin behar dugu berehala eta, horretarako, hiru puntuak behar ditugu». Eta horretarako, ezinbestekoa izango da aurrelariek beren lana egitea. «Antsietatea daukagu aurrelari guztiok eta, beharbada, larritasun hori da arazo gehiago sortzen diguna. Denok gaude golak egiteko irrikatzen», aitortu zuen Uruguayko jokalariak.
Nolabaiteko urduritasuna dago, bestetik, Espanyolen ere, azken partidetan lortutako emaitza kaskarren ondorioz. «Ez da erraza dinamika txar batetik irtetea -azpimarratu zuen Nenek- eta lehen baino lehen moztu behar dugu, beraz. Osasuna gainditzen ez badugu, nerbioak ager daitezke».
Bestalde, Tintin Marquezen hamaikakoari dagokionez, Pareja eta Roman Martinez partidarako zalantzan ditu, azken lan saioetan behintzat ezin izan baitute parte hartu, ez batak ez besteak, gihar arazoak dituztela eta.