GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Lau eta Erdiko Txapelketa

Bezperara arte itxarongo du

Aimar Olaizolak besoko minez jarraitzen du eta nahiago du igandera arte zain egon baiezkoa eman aurretik.

p046_f03.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Aimar Olaizolak zalantzaz beteta jarraitzen du eta oraindik ez du Lau eta Erdiko Txapelketan jokatuko duen ala ez erabaki. Goizuetako aurrelariak ordu eta erdiko entrenamendu saioa egin zuen atzo goizean Iñigo Leitza bizkaitarrarekin Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta bere azken erabakia igandera arte atzeratu zuen. Olaizola II.ak besoko minez segitzen du eta, egunetik egunera hobera egiten duen arren, ez dauka argi astelehenean frontoira irten ala partida bertan behera utzi.

«Ordu eta erdi ibili gara frontoian, piloteatzen jardun dut baina ez da izan bete-beteko entrenamendua. Oraindik mina sentitzen dut besoan eta horrek sortzen dit zalantza. Minagatik bakarrik balitz eta sendagileek esango balidate ez dagoela lesioak okerrera egiteko arriskurik jokatu egingo nuke. Nahiz eta egoera onenetan irten ez, nire aukerak aprobetxatzen saiatuko nintzateke. Baina lesio larri bat izateko arriskua baldin badago gauzak aldatu egiten dira», adierazi zuen Aimar Olaizolak goizeko saioa amaitutakoan.

Hori jakinda, sendagileen iritzia ezagutzea ere oso garrantzitsua da. Iñigo Simon Asegarceko medikuak arratsaldean jakinarazi zuenez, goizuetarrak tendoia handituta dauka eta horrek sortzen dio oinazea pilotariari. Simonen ustez, beste bi egunetan tendoia bere onera itzul daiteke eta Aimar jokatzeko moduan egon liteke.

Edozein kasutan ere, badaezpada, Juantxo Kokak eta Aimar Olaizolak astelehenerako pilotak hautatu zituzten atzo. Kokak 106,2 eta 106,3 gramoko bi pilota hautatu zituen otarretik eta Olaizola II.ak 105,8 eta 106,7 gramoko beste bi aukeratu zituen.

Goizuetarra ez bezala, Juantxo Koka baikor azaldu zen finalerdietako ligaxkan sartzeko dituen aukeren inguruan. «Aimar ehuneko ehunean egongo balitz ez nuke ia aukerarik izango, baina dituen arazoak ikusita, niretzat gauzak asko aldatu dira», onartu zuen Altzako aurrelari beteranoak.

Irujo eta Olaizola, Labriten

Bestalde, Lau eta Erdiko Txapelketa aurrera doa, eta gaur arratsaldean final-laurdenetako bigarren kanporaketa jokatuko da Iruñean (18.15, Labrit, Telecinco). Juan Martinez de Irujo, 2006ko txapelduna, gaur sartuko da lehiaketan Asier Olaizolaren kontra. Goizuetarrak Diaz eta Xala hartu ditu mendean eta joko-puntu ederrean iritsiko da gaurko neurketara. Dirua Irujoren alde irtengo den arren, Asierrek bere aukerak izan ditzake.

Zaldibar

Aurtenetxe 22 / Olalde 21; Beitia-Moreno II 16 / Erauskin II-Lopez 22.

Iruñea (16.45)

Belloso-Rai / Olaetxea-Argote; Olaizola I / Irujo; Arretxe II-Patxi Ruiz / Diaz-Begino.

Huarte (20.00)

Merino I / Ongay; Cabrerizo II / Beroiz.

Zeanuri (19.00)

Fuertes / Capellán II; Esain-Matute / Arbizu-Elkoro.

Izarra (22.15)

Minguez /Velasco.

Galarreta (16.00)

Martinez II-Aizpurua II / Etxabe II-Agirrezabala; Ezkurra-Gaztelu / Juaristi-Urrutia; Agirresarobe-Iriarte / Uterga-Ion; Matxin III-Martinez I / Matxin IV-Olazar.

Deportivo (17.00)

Ziskar II-Beldarrain / Garcia-Galan; Urkia-Imanol / Gaubeka-Velilla.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo