Hauteskundeak demokraziaren erakusle barik demokrazia gabeziaren erakusle direnean
Demokraziarik «aurreratuena», eskubide eta askatasunen bermatzaileena, esan izan diote AEBetako sistema politikoari. Eta hala zen, eta da, finantza konpainien edo transnazionalen arduradunen ustez, esate baterako. Hala ere, badira zantzu ugari AEBetako demokrazia aurreratua izatetik, are demokrazia izatetik ere, urrun samar dagoela erakusten dutenak. Bushen presidentetzapean atzera egin dute libertateek, Irailaren 11z geroztik nabarmenago, baina lehenagotik ere, eta egoera politiko eta sozioekonomikoaren araberako itxurak eginda, bistakoak izan dira gabezia demokratikoak. Zantzu horietako bat hauteskundeak dira, herria subiranoa dela -bozkatzeko besterik ez bada ere- agerien erakusten omen duen jarduera, hain zuzen. Datorren asteartean AEBetako hautesleek hitzordua dute presidentea hautatzeko. Baina ez denek, demokrazia ia «perfektu» horretan badira-eta botoa emateko eskubidea ukatua duten herritar asko, eta ez immigranteak bakarrik. Besteak beste, era horretara «defenditzen» du sistemak bere burua.
Irakurleak iritzi elementu gehiago izan ditzan, GARAk biharko edizioan AEBetako hauteskundeen analisia biltzen duen dosierra plazaratuko du.