GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Amaia Almirall LAB-Zerbitzu Pribatuetako Federazioaren idazkaria

Bestelako kutxa posible al da?

Fusio batek ez ditu Euskal Herriak eta bere jendarteak egun dituen arazoak goizetik gauera konponduko, baina inoiz baino garrantzitsuagoa da definitzea ea norabide horretan jarriko den, ea urratsik emango duen bestelako Euskal Herria eraikitzeko bidean

BBK-ko eta Kutxako administrazio kontseiluek bateratzeko proiektua abian jarri dute. Baina posible al da bestelako kutxa? Hori da funtsezko edukiak laburtzen dituen galdera, BBK eta Kutxaren arteko fusioari buruz hamaika eztabaida irakurri eta entzun ditugunean.

Fusioa bi edo hiruren artean egiten den ariketa aritmetikoa baino gehiago dela argi dago. Atzean alderdikeriak, botere kuotak mantentzeko maniobra, operazioa bere osotasunean behartzeko estrategia, besteen jarrerak agerian uzteko asmoa, interes ekonomiko hutsak babesteko operazioa... edonola ere, faktore gehiegi unearen egokitasuna argituko luketenak, baina galdera nagusiari erantzuten ez diotenak.

Finantza erakunde berri baten sorreraz hitz egiten ari gara ala kapital ekonomikoaren batze huts batez ari gara? Bi kutxen arteko bat egiteak -zer esanik ez, hiru edo lauren artekoa balitz- ikaragarrizko potentziala daukala ukaezina da. Potentzial ekonomikoa begi-bistakoa da, ondoegi azaldu digute dagoeneko; baina ez al da egungoa inoizko unerik egokiena, bestelako kutxa eraikitzeko garaia?

Bestelako kutxa baten ezaugarriak benetako demokrazia eta parte-hartzearen bidezko kudeaketan eta izaera publikoan aurkituko ditugu. Erakunde berri horrek oinarri sendoak behar ditu. Zutabeak nolakoak, eraikina halakoa. Horregatik diogu eredu argi batean oinarritu beharra dagoela. Funtzio soziala helburu izango duen eredua, Euskal Herriaren garapen sozioekonomikoaren etorkizuna lehentasuna izango duen eredua. Eredugarritasun horrek, noski, badu dimentsio laborala ere: ikuspuntu sozial batetik, prekarietaterik gabeko eredua eta, nazio ikuspuntutik, lan harremanak Euskal Herrian burutzen dituen eredua.

Kapitalaren krisiaren erdian murgilduak gauden honetan ereduari buruzko eztabaida ez da hutsala. Esku-hartze publikoa handitzen ari den honetan eta «bankuen nazionalizazioak» eztabaidagai, mahai gainean inoiz baino beharrezkoagoa da hausnartzea zer-nolako kutxa behar duen biharko Euskal Herriak eta zer-nolako jendartea eraiki nahi dugun. Finantza krisiaren bukaera zein den iragartzeko goizegi bada ere, ekonomia produktiboan eragin zuzenak izango dituela badakigu: zer-nolako ekimenak jarriko ditu martxan erakunde horrek eragin horiei aurre egiteko? Gehiengo sozialaren egoera, hau da, bere diru iturburu bakarra lana dutenen egoera zailari erakunde horrek nola erantzungo dion azaldu beharra dago; etxebizitza ordaintzeko hipotekak itota dagoenarekin, hilabete bukaeratik -edo erditik- aurrera zenbaki gorriak besterik ez dituenarekin...

Fusio batek ez ditu Euskal Herriak eta bere jendarteak egun dituen arazoak goizetik gauera konponduko, baina, esan bezala, inoiz baino garrantzitsuagoa da definitzea ea norabide horretan jarriko den, ea urratsik emango duen bestelako Euskal Herria eraikitzeko bidean.

Bide horretan, ezinbestez, arlo laborala kokatzen dugu, arlo honetan ere zeregin beharrezkoak baitira. Benetan «soziala» adjektiboa irabazi nahi duenak ezin baititu bere barnean eskala bikoitzak eduki, azpikontratazioaren bidez kostuak murriztu, bekadunen bidez egiturazko lanpostuak bete... Horregatik fusioari begirako protokolo laborala zertan oinarrituko den eta lan baldintzen homologazioak nola burutuko diren azaldu beharra dago. Halaber Euskal Herriari begira jarri nahi duen erakunde horrek lan harremanen eremua definitua du hasieratik. Hau da, hain zuzen ere, bi kutxetako zuzendaritzei egin genien galdera zuzena: zein izango da erakunde berri horrek ezarriko duen lan harremanetarako markoa? Formalki bilera bakarra egin dugu. Oraindik ere erantzunaren zain gaude, guztiari buruz negoziatzeko prest. Isiltasunarekin eta zeharkako mezuen bidez erantzun dute. Ondorioa ere argia da: formula juridiko desberdinen bidez bazuten aukera beren diskurtsoa egintzetan oinarritzen zela demostratzeko. Horretan huts egin badute, zergatik sinetsi behar dugu beste guztia -funtzio soziala, edo izaera parte-hartzailea, edo Euskal Herriko ekoizpen sarea sendotzeko asmoa, edo...- bete egingo dutela? Marketin hutsean oinarrituriko operazioa ez bada, konpromisoak aldez aurretik eta sendoak behar dute izan; obrak, ez hitzak. Euskal langile gehienen beharretatik aldentzen badira, jende xumearen beharretatik ere aldenduko direla pentsatu beharko dugu... eta une larri batean. Hitzak ez dakigu, baina egindakoak ikusita, oinarrizko galderari erantzuten ez dion fusio baten aurrean gaudela dirudi. Aukera galdua izango da.

Joko maltzurra, politikoki interesatua, zabaldu dute fusioa bira ala hirura egin behar den galderaren inguruan. Basoa ez ikusteko muturren aurrean jarri diguten zuhaitz autonomikoa. Oinarrizko edukiei erantzunik eman ezean, hurrengo eztabaida izenaren inguruan izango ote den apustua ere egin dezakegu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo