Emakumeak
Bosgarren postua sendotu nahi dute bidasoatarrek Hondartzan
GARA | HONDARRIBIA
Espero ez zuten bosgarren postuan sendotu, eta, Avenidak Celtaren aurka galduko balu laugarren izateko aukera lortu nahi du gaur Hondarribia Irunek (Hondartza, 19.00etan) indartsu datorren Espanyolen aurka irabaziz, ligako seigarren partidan.
Sailkapenean bi taldeek hiruna garaipen bildu dituzte, baina, nolabait esatearren, kataluniarrenek, pisu gehiago dute, izan ere, taulan aurretik den Perfumes Avenidari irabaztea lortu baitzuten eta Ros Casares ahalguztidunaren aurka saskiratze bakarraz galdu baitzuten.
Orain arte pilatutako emaitza hauek argi uzten dute Espanyol Olesaren maila oso altua dela. Europako talderik onentsuenetan aritutakoa den Olga Podkovalnikova pibot errusiarrak taldean jarraitzea lortu dute eta oso talde sendo eta orekatua eratu dute Noemi Jordana, Anna Cruz, Aija Putnina pibot letoniarra eta Cristal Kelly eta Tracy Reid fitxatuz.
Etxekoen artean, Joan Albert Cuadratek jokalari guztiak bere esanetara izan ahalko ditu, azken egunetan izandako arazo fisikoetatik eta gripeetatik osatu eta gero. Gaurko partida oso garrantzitsua izan daiteke egindako liga hasiera bikainari jarraipena emateko.