«Euskal Herria ez dago salgai» aldarrikatu dute hainbat batzokiren aurrean
Ehunka gazte independentista kalera atera ziren, joan den larunbatean EAJk euren kontra «ertzainak bidali izana» salatzeko eta orduko gertaerei erantzuteko. Halako erasoak ez direla bakanak ohartaraziz, batzokien aurrean salatu zuten gazteen kontrako errepresio orokorra.
GARA |
Joan den larunbatean Independentziaren Eguna ospatzeko Hernanin ehunka gazte bildu ziren moduan, atzo hainbat hiritan eta herritan mobilizatu ziren larunbatean Ertzaintzak egindako erasoari erantzunez. Gisa horretan, «Euskal Herria ez dago salgai» aldarrikatu zuten EAJren egoitza diren Batzokien aitzinean; Bilbon, azken ostiraleko mobilizazioaren ondotik manifestazioa atera zen Arriagatik eta Gasteizen berriz, Araba Buru Batzarraren aitzinean elkarretaratzea egin zuten.
EAJren jarrera salatu nahi izan zuten, joan den larunbatean gertatutako bi gertakarik alderdi honen gazteekiko jarrera berriro ere agerian utzi duela ohartaraziz: Gasteizen «zirku penagarria» egitea leporatu zioten gazte independentistek, ultraeskuindarren etorrera onartu eta protesta egin zuten gazteen kontra Ertzaintza bidaltzea egotzita. Egun berean, Hernanin izandako gertaeren erantzule gisa ere salatu zuten EAJren jarrera, ertzainak «gazteak jipoitzera eta atxilotzera» bidali izana leporatuz.
Gazteen kontrako erasoa
Euren kontrako eraso hori azalduz, «aldaketarako uneak bizi ditugunean paretik kendu nahi gaituzte» jakinarazi zuten, «proiektu independentista lurperatzea ezinbestekoa dutela» argituz. Euskal gazteriaren kontrako erasoa orokorra dela ikusarazi nahi izan zuten, Hernanin eta Gasteizen joan den larunbatean gertatutakoak ez direla kasu isolatuak. Era berean, eraso hori Lapurdin, Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Nafarroan ere gertatzen dela nabar- mendu zuten, tokian tokiko agintarien eskutik. Lakuako eta Nafarroako gobernuek Madrilekiko duten menpekotasuna «dirua eta boterearen truke» mantentzen dutela gaitzetsi zuten gazte independentistek.
Hori guztia salatuz, gazteak kalera atera ziren atzo arratsaldean: Oiartzunen 70-80 gazte inguru bildu ziren Batzokiaren aitzinean, eta Ertzaintza agertu bazen ere, arazorik ez zela izan jakinarazi zuten. Lekeition 45 lagun bildu ziren, eta errepidera atera ziren. Elkarretaratzeak iraun zuen bitartean han izan ziren Ertzainak, eta gazteek salatu zutenez, «herria okupatuta» izan zuten atzo arratsaldean. Errenterian 50 gazte bildu ziren eta Zallan, berriz, 20. Abadiñon manifestazioa egin zuten 20 bat gaztek. Erromon 40 gazte bildu ziren Batzokiaren aurrean. Portugaleten, Ugaon, Durangon, Zornotzan, Elorrion, Larrabetzun, Mungian, Markinan, Algortan, Leioan, Berangon, Erandion, Plentzian eta Gernikan beste horrenbeste egin zuten.
Joan den larunbateko Independentziaren Egunaren ospakizunean «puntu beltza» jarri zuen bakarra EAJ dela salatu zuten gazteek, ertzainak Gasteizen eta Hernanin ziren gazteak «jipoitzera eta atxilotzera» bidalita.