GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Gizarte zerbitzuen legeak behar bezala erantzungo al die jendearen beharrei?

Gizarte Zerbitzuen Legea lehen aldiz 1996an martxan jarri zenetik, asko aldatu dira gizarte antolaketaren ereduak eta baita horien beharrak ere. Hori dela eta, eragileak ados daude legea berritu behar dela esatean, ez ordea aldaketa horrek nolakoa behar duen erabakitzerakoan.

p021_f01.jpg

Janire ARRONDO

Laster onartuko dute Gasteizko Legebiltzarrean Gizarte Zerbitzuen Lege berria, Lakuako Gobernuaren eta PSEren artean lotutako akordioa dela eta. Lakuako Etxebizitza eta Gizarte Gaien departamenduak erreforma aurkeztu zuenean, PSEk 70 zatikako zuzenketa jarri zizkion. Hala ere, pasa den hilaren 23an eman zuen lehen aurrerapausoa lege erreformak, Legebiltzarreko Ezker Abertzalea taldeak aurkeztutako osoko zuzenketa atzera bota zenean.

Legeak ekarriko duen aldaketa nagusienak adinekoei erangingo die, izan ere, «ez dute beren etxebizitza saldu beharko adinekoen egoitzetan sartu ahal izateko». Orain arte, dituzten ondasunen arabera ordaintzen zuten adinekoek, orain, etxebizitza ez da kontuan hartuko.

Gizartea eta bere antolamendua ulertzeko modu ezberdinak daudenez, zerbitzu horiek nola gauzatu behar diren erabitzeko orduan ere desadostasunak agertzen dira. Ezker Abertzalea talde parlamentariaren ustez erreforma horrek «ez ditu herri honetako biztanleen beharrak asetzen, ezta hurrik eman ere». Gainera «hori ez da aldatuko gizarte laguntzen kudeaketa filosofia paternalista baten mende badago». Talde parlamentariak erreforma «beharrezkotzat» jotzen badu ere, beren hitzetan «gizarte babesaren laugarren zutabea den Ongizate Estatuaren eskubideak aitortuko lituzkeen esparru orokor bat izan beharko luke». Zentzu horretan, marko berriak «berritzailea eta aberastasunak gehien behar dituztenen artean banatzen dituena beharko luke», adierazi dute. Batez ere, «eskubide berdintasun, eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunezko gizarte batera begira».

«Ez die behar bezala erantzuten»

Gaineratu zutenez erreforma horren beharraren zergatiak azaldu zituzten, baina, «dituzten erronkei ez diete modu eraginkorrean erantzuten». Beren ustez «ez baitie behar bezala aurre egiten bazterketa sozialaren eragileei, hala nola lan merkatua, prekarietatea, laguntza sozialen urritasuna...».

Lege berriak aurrera egiten badu laguntza zerbitzu horiek jaso ahal izateko, hainbat baldintza bete beharko dira. «Baldintza horiek ez ditugu ezagutzen» diote Elkartzen, eskubide sozialen aldeko mugimenduko kideek. «Eta beldur gara, lehen gertatzen zen bezala, subjektibitate administratiboen esku geratuko ote diren laguntza horiek orain ere». Arauak jaso ahal izateko, EAEko herriren batean erroldatua egotea beharrezkoa da, baita, gutxienez 12 hilabetez herriren bat bizileku izatea ere. Duela hamar urte ordea, gutxiengo hori 6 hilabetetan zegoen eta hori «atzerapauso handia» dela salatu dute Elkartzenekoek. Beren ustez, horrek eragingo du «asko eta asko, batez ere egoera irregularrean dauden migranteak edo txiroak» laguntzetatik at geratzea. Beraz «erabiltzaile berezi bihurtuko dira, eta soilik kasurik larrienetan lagunduko dituzte».

«Ezin dira merkantilizatu»

Elkartzenek dio eskubide sozialak ezin direla merkantilizatu, «horregatik salatu ditugu behin eta berriz, eremu publikoek egiten dituzte pribatizazioak». Elkarte honetako kideen arabera «sektoreen pribatizazioak kalitate kaxkarragoa eta bermeen gutxitzea dakar». Elkartzenek defendatzen duenez, «erakunde publikoek beren langileak kontratatzea lehenetsi behar da, azpikontratatuen aurretik, pertsona kualifikatuak behar direlako horrelako lanpostuetarako».

Bestetik, Edeka Elbarrituen Ordezkarien Euskal Kontseiluak «hiru lurraldeetan zerbitzu eskaintza bera» ematen duen gizarte zerbitzuen sistema eskatu du. Gainera, PSE eta hirukoaren artean adostutako lege proiektuari, alderdi politikoei elkarrizketarako eta adostasunerako ahalegina egin dezaten eskatu diete, «lege hori oraingo legegintzaldia amaitzerako aprobatu dadin».

«ATZERAKA»

Lege berriaren arabera, laguntzak jasotzeko 12 hilabetez erroldatua egon behar da, lehen 6 hilabete nahikoa ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo