GARA > Idatzia > > Kultura

The Sparteens, «ye-ye»a eta rock bizia uztartzen dituen taldea

The Sparteens taldeak «Txus» bere lehen singlearen ondoren, «Vive le feu» aterako du ostiralean. Rock eta punk talde handien kantak twist estiloan birmoldatzen dituzte. Usaina Records-ek 10 single-disko kaleratuko ditu «Grandes éxitos de ayer» bildumaren baitan.

p042_f01.jpg

Idoia ERASO | HENDAIA

«Punk eta heavy metal kantuen bertsioak egiten ditugu ye-ye espiritua berpizteko», esan zuen taldeko Iban Rusiñolek, edo bere «benetako» izena erabiliz Douglas Nightingalek. Izan ere, urrian atera zuten lehen singlea, «Txus», La Polla Records talde punkak 80eko hamarkadan kaleratu kantaren birmoldaketa ye-yea. Aste honetan hamarkada bereko rock erradikaleko talde mitikoa den Berurier Noir-en «Vive le feu» kantaren bertsio berria emanen du ezagutzera Hendaiako taldeak.

80eko hamarkadatik hasita egungo kantu ezagunenak ere birmoldatuko dituzte Concha Velasco eta Rocio Durcalen estiloan. «Garai horretako film asko irentsi nituen txikia nintzenean eta mundu horretan sartu ginen. Dena oso sinplea da eta denak lagunak dira horrelako filmetan», baieztatu zuen Douglas Nightingalek.

Lainotasun horrekin jolastea maite dute taldekideek. «Horrekin jostatzen gara, asko gustatzen zaigu hori egitea, horrela letra askoz kontrastatuagoa gelditzen da», adierazi zuen musikariak.

Umorea nagusi

«Goatekeetan zuen laguntxoekin hiper ondo pasatzeko diskoa» kaleratu du The Sparteensek. Denbora makina batekin gure artera ailegatu diren The Sparteenseko taldekideek 60eko hamarkadako udetan izan zuten arrakasta dute buruan. Merkatu beltza diskoz gainezka jarri zuten garai horrekin jarraitu nahian, egungo gizartearekin bat egiten saiatuko dira.

Nightingalek duela 50 urte justiziarekin izan zituzten arazoen berri eman zuen: «Gure kantuekin arazoak izan genituen, oso hitz gogorrak ziren garai horretarako».

Euskal Herriko agertokietan joko dute The Sparteenseko taldekideek, baina beraien jatorria oroitzeko «galak» eskainiko dituzte eta ez kontzertuak. 2008ko azken bi hilabeteotan «ezusteko gala» batzuk eskainiko dituzte.

Txusek «bere hilobian garagardo latak» dituela kantatzen du taldeak, baina espiritu ye-ye- ari segituta gehiegizko alkohol kontsumoaren kontra egiteko diskoa erosten duen pertsona orori laranja zuku bat oparituko diote.

Beste garai batekoak izanik ere, The Sparteensek egungo teknologia erabiltzen badakite eta eskaintzen dituen aukerak baliatu ditu kantuei azken ukituak emateko.

Hamar single biltzen dituen lana da «Grandes éxitos de ayer». DVD formatoa dauka eta single bakoitzak sorpresatxo bat izango du. Lehenak karaoke bat eskaintzen du «autoan kantari joan ahal izateko», eta hankasartzeak izanen dira ostiralean kaleratuko den «Vive le feu»rekin batera. Hamar diskoak biltzean irudi bat ikusi ahal izanen da denak elkartuta. Txikitako bildumekin gertatzen zen bezala hain zuzen ere.

Sormenaren zirimolan sartuak dira gaztetxo goatekezaleak, bildumako hirugarren singlea grabatzen ari dira orain.

DENBORA-MAKINA

«Goatekeetan zuen laguntxoekin hiper ondo pasatzeko diskoa» kaleratu du The Sparteensek. Denboraren makina baliatuta gure artera heldu dira 60eko hamarkadako udetan izan zuten arrakasta buruan.

Fitxa

Diskak: »Txus» da lehen singlea, bigarrena «Vive le feu».

Salmenta tokiak: Kanttu (Hendaia), Kalaka (Garazi), Tana (Ziburu), Kixkil eta Sankara (Baiona).

Sarean:

www.thesparteens.com

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo