GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Euren krisia euren kontura

Krisian ei gaude, baina banku jabeak azken bederatzi hilabete hauetako kontuak plazaratu dituztenean ez dira gorritu mila milioiko irabazi garbiak iragarrita

Ya está notando usted mucho la crisis?» galdetu dio barbie-kazetariak kaletik dabilen agure bati. «Muchísimo, hija mía, si es que con esta pensión no veas lo que hay que hacer para llegar a fin de mes». Agureak prezioen igoera igartzen du batez ere, baina euroa ere igarri zuen, eta batez ere bere pentsio ziztrina, duela 10 urte ere ziztrina zelako, orduan ekonomia «benetan ederto batean» joan arren. Hala ere, orain ematen du gure miseria guztiak «krisialdiaren» ondorio direla.

Komunikabideek ez zuten telebistan ateratzen duela pare bat urte zenbat jende ezin zen hilabete amaierara heldu, ez zituzten portadetan 700-800 euroko milaka langile pobre agertzen, ez zioten betiereko prekarietate egoerari «krisialdi» deitzen... ekonomia ondo zihoan, antza. Baina errealitatea da langileok aspalditik gaudela krisian eta, potxua, ez engainatu zeure burua, horrela jarraituko dugu luzaroan, eta hurrengo belaunaldietan ere honi buelta ematen ez badiogu.

Krisian ei gaude, baina banku jabeak lehen bederatzi hilabeteotako kontuak plazaratu dituztenean ez dira gorritu mila milioiko irabazi garbiak iragarrita. Ez dira gorritu Estatu espainoleko Gobernu «soziolisto»aren eskutik diru publikoa atsegin handiz hartuko dutela adierazi dutenean, ezta hobe dela nori ematen dioten inor ez enteratzea esanda ere. Ederto! Ezin dugu jakin gure dirua nori oparitzen dioten.

Enpresen irabaziak ere azken urteotan %73 hazi dira; gure soldatak, ostera, %4 gutxitu dira. Non zeuden, orduan, eta non daude orain, enpresariek egin dituzten milioi guztiak? Akaso, ezer ikusi al dugu langileok? Ez etorri berriro betiko engainuarekin: enpresen ekonomia hobetzen badugu, langileen bizimoduan ere igarriko dela, alegia, hori gezur galanta baita. Enpresen ekonomia hobetzea, enpresarien mesederako baino ez da.

Enpresariek hitz arranditsuak erabiltzen dituzte: «desaceleración», «crecimiento negativo» eta abar. Ez pentsa orain dirua galtzen ari direnik, gertatzen dena da beharbada espero baino gutxiago irabaziko dutela eta, jakina, denok dakigu -kontatu digutelako- zelako garestiak diren txaletak, sardexka askotako jatetxeak, deskapotableak eta Chanel markako arropak. Gutxiagorekin konformatu baino lehenago, kontratuak berritu ez, langileak kaleratu, espedienteak ireki, soldatak izoztu...

Eta hori gutxi balitz, enpresariek eta banku jabeek dirua eskatu eta instituzioek, Gasteizko eta Iruñeko gobernuak barne, arineketan ipini dituzte martxan euren plangintzak: enpresarien zergak gutxitu, gure diruaz azpiegitura erraldoiak enkargatu edota enpresei diru-laguntzak eman. Eta, gainera, horretarako gastu soziala are gehiago murriztuko dute eta pribatizatzen jarraituko dute.

Eta guk, langileok, «gerrikoa estutu» behar dugula entzun behar. Banku jabeok, enpresariok, politikari ustelok, akaso, eskubide jainkotiarren bat al dute gure bizitza izorratzeko? Duten botere bakarra dirua da. Eta bizitza ez da horrelakoa halabeharrez, jainkoak, patuak edo naturaren arauek hala agintzen dutelako, guk euren joko arauak protesta barik onartzen ditugulako baino.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo