Koldobike Muniain Agote
Rolen banaketan, euskara bigarren mailan
Beste batzuen artean, autoaren mekanikari buruzko ikastaroa antolatu du Udaleko Berdintasun Sailak. Ikastaro hori bi zatitan banatu dute, lehenengoan generoari buruzko rolak eta estereotipoak hausteko beharraz arituko dira, eta autoaren mekanikari buruz bigarrengoan.
Ikastaro horrek interesa piztu eta udaletxera jo nuen izena emateko asmoz. Baina, hara non ohartu nintzen genero rolek ez ezik, hizkuntzenek ere badutela aldaketa beharrik. Izan ere, ikastaro hori gaztelaniaz soilik eskainiko du Udalak.
Arrazoiez galdetuta, ezin izan omen dute euskarazkorik antolatu, baina saiatu, saiatu direla. Ez dut zalantzan jarriko langileen saiakera, baina sinestezina egiten zait halako ikastaro bat eskainiko lukeen mekanikari euskaldunik aurkitu ez izana.
Kontuak kontu, ikastarorik gabe geratu naiz, ez baitut onartzen Zarauzko Udalak euskarari eman dion rola. Ikastaro hori euskaraz egin nahi izatea ez da kapritxo bat, eskubide bat baizik. Hori al da Zarauzko Udalaren hizkuntza politika? Zarautzen euskaraz bizitzeko arazorik ez dagoela esango digute gero!
Ikastaro hori euskaraz antolatu zain geratu beste erremediorik ez dut. Euskara bigarren mailan, berriz ere. Enegarren aldiz. Duela bi aste haurren heziketari buruz Udalak gurasoei zuzendutako hitzaldian ere gauza bera gertatu da, gaztelaniaz hura ere.
Hizkuntza politika hori birbideratzea da eskatzen dudana; ikastaro honetan ez ezik, Udalak antolatutako hitzaldi eta ikastaroetan ere euskal hiztunon eskubideak bermatzea.