Xanti Begiristain Madotz Iruñea
Kristobal Ulazia euskalduna
Kristobal, orain dela hiru egun, azaroaren 3an, zu maite zintuen beste jende askorekin batera izan nintzen Ermitagañako elizan zure hileta-elizkizunean. Zure seniderik maiteenak eta Larraun, Lekunberri eta Iruñerriko lagun ugari izan ginen.
Maite emaztea eta bi seme-alabak euskaldunak dituzu. Zurekin eta beraiekin beti mintzatu izan naiz euskaraz. Lehengo eguneko elizkizunean aitagurea, «Agur Jesusen ama», «Txoria txori» («Hegoak ebaki...») eta beste kanta bat abestu genizkizun euskaraz; beste batzuk erdaraz izan ziren. Txistulari batek «Agur jaunak» ere goxoki jo zizun. Beraz, horiek guztiak oso ongi egon ziren; bikain. Baina gauza batek gogotik tristatu ninduen, Kristobal, apezek meza osoan ez baitzuten esaldi bakar bat ere esan euskaraz, zure ohorez, zurekiko enpatiaz.
Niretzat pena handia izan zen, zuk eman duzun erakusbidea eman ondoren. Gogoratzen dut oso aspaldian, jadanik gaixotasunak ia-ia erabat galarazten zizula hitz egitea; hala ere, saiatzen zinen euskaraz mintzatzen. Badakit apez horiek ez zutela asmo txarrez eginen, baina, hala eta guztiz ere, askotan harrituta gelditzen naiz apez batzuekin, ikustean zeinen gutxi praktikatzen duten predikatzen duten hura, alegia, lagundu behar zaiola behartsuenari, eta hizkuntza gaietan ez dago zalantzarik txikiena ere Euskal Herri osoko eta bertako hizkuntzarik behartsuena euskara dela.
Eskerrik asko, Kristobal, eman diguzun adibide onarengatik eta utzi dizkiguzun emazte eta seme-alaba bikainengatik. Nahiago nuke, zuk Albiasuko muinoetatik guri laguntzen jarraituko bazenu. Ez adiorik, Kristobal.